Euskal gehiengo sindikalak eta hainbat gizarte eragilek murrizketen aurkako manifestazioa dute deitua larunbaterako. Han parte hartzeko eskatu dute Bilduko eta Aralerreko hautetsiek. Horrez gain, otsailaren 9an sektore publikoan antolatutako lau orduko lanuztearekin bat egingo dute. «Langileen eskubideen aurkako ekaitz gogor bat dator, eta oraingoan aterkiekin ezin izango diogu aurre egin; neurriak hartu beharko ditugu eta mugitzea egokituko zaigu», esan dute.
Bi alderdietako berrehun hautetsi inguruk batzarra egin zuten atzo Kursaalean. Han ziren, esaterako, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Aralarreko Rebeka Ubera eta EAko Koldo Amezketa. Onintza Lasa Gipuzkoako batzarkideak eta Bikendi Barea Nafarroako legebiltzarkideak irakurri zuten adostutako testua. Gaur egungo krisia ez dela krisi ekonomiko hutsa azaldu zuten. «Sistemaren krisia da, finantza kapitalismoaren krisia dago honen guztiaren atzean».
Esan zuten neoliberalismo berriari ateak parez pare ireki zaizkiola, «merkatuaren interesak bermatzeko, multinazionalen beharrak asetzeko eta finantza erakundeen irabaziak indartzeko». Lasaren hitzetan, estatuak merkatuaren menpe eta haren esanetara ari dira. Zehaztu zuen araurik eza, espekulazioa eta diruaren xahutzea izan direla orain arteko politiken ezaugarriak. «Politika horien aplikazioak eta haien defendatzaile sutsuek ekarri gaituzte egoera honetara». Bildu eta Aralarreko ordezkarien arabera, besteak beste, EAJ, UPN, PSOE eta PP izan dira «ia hondamendia» eragin duen sistemaren defendatzaileak. «Ostrukarena egiteak ez du balio. Euren erantzukizuna onartu behar dute krisi honen sustatzaile gisa».
Krisiari buruz fenomeno metereologiko bat balitz bezala hitz egiten dela gaineratu zuten. «Euria, txingorra eta elurra etortzen diren bezala etorri zaigula dirudi: inork zergatik, nola eta noiz jakin gabe. Baina krisiaren atzean arduradunak eta eragileak daude, errudun horiei izen-abizenak jarri behar zaizkie eta erantzukizunak eskatu».Kezkatuta daude hautetsiak, erantzuleak zein izan diren argitu gabe kapitalismoa birsortzeaz hitz egiten delako. «Krisira ekarri gaituzten neurrietan sakondu behar dela esaten digute krisia sortu dutenek».
Errotik aldatzeko, lanean
Defizita murriztu behar den aitzakian, Mariano Raxoi Espainiako presidenteak zerbitzu publikoak murriztuko dituela azaldu zuten, pribatizazioei ate guztiak irekiz. Halaber, bi alderdien iritzian, lan harremanak liberalizatzeko eta langileen baldintzak are gehiago eskasteko erreforma jarriko du indarrean. «Egoeraz baliatuta, Espainiako Gobernuak zentralizazio politiko administratibo bati ekin nahi dio, gure herriari burujabetza politiko eta ekonomikorako bidea itxita». Gaineratu zuten Patxi Lopezek eta Yolanda Barcinak, Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko presidenteak, «lotsagabe» lagunduko diotela Raxoiri.
Bilduk eta Aralarrek esan zuten eredu neoliberal hori ez dutela onartzen. «Gauzak errotik aldatzen saiatuko gara, lau herrialdeak batuko dituen eremu burujabe bat eraikitzeko, lan harremanetarako euskal esparrua egikaritzeko, sektore publikoa eta gizarte zerbitzuak sendotzeko eta zerga sistema bidezkoago bat egiteko».
Bilduko eta Aralarreko hautetsiek bat egin dute otsailaren 9ko lanuztearekin
Bi alderdien esanetan, EAJk, UPNk, PSOEk eta PPk «ia hondamendia» eragin duen sistema sustatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu