Gauerdian itxi dute autobidea kamioientzat, Biriatuko ordainlekuan, eta orduz ordu handitu da Lapurdin sartu nahi zuten eta sartu ezin izan diren ibilgailuen ilara. Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, hamalau kilometrokoa ere izan da arratsaldearen hasieran AP-8 autobidean, muga ireki eta 90 minutu igaroak zirenean. Arazoak izan dira Irun eta Iruñea lotzen dituen N-121 errepidean ere, bide hori aukeratzen baitute muga zeharkatu nahi duten kamioi askok. Kamioiak Gipuzkoan sartu aurretik geratu nahian aritu da Jaurlaritza, ilarak ez handitzeko.
Jaka Horien protestak laugarren eguna du gaur. Protestaren bidez, sare sozialen bitartez antolatzen ari diren herritarrek salatu nahi dute datorren urtarrilaren 1etik aurrera gasolioaren gaineko zerga 6,5 zentimo igoko dela litroko, eta 2,9 zentimo, berriz, gasolinarena. Frantziako Gobernuak ziurtatu du herritarren haserrea ulertzen duela, baina ez duela atzera egiteko asmorik, zerga igotzea derrigorrezkotzat jotzen baitu klima aldaketaren aurka borroka egiteko.
Kamioientzat muga ixtearekin oso haserre azaldu da Hiru garraiolari autonomoen sindikatua. "Traba egin ez dezagun, N-1 errepideko errei bat ere itxi dute. Norbait ohartu al da zirkulatzerik ez duten kamioi horietan langileak daudela? Norbaitek pentsatu du ezin dugula lanik egin zirkulatzerik ez badugu? Noiz arte gutxietsi behar gaituzte?". Hiruk uste duenez, "oso garbi geratu da Frantziako Poliziak muga erabiltzen duela bere lurraldeko trafikoa kontrolatzeko".