Bizkaia Esnea kooperatibak baserriko UHT behi esnea merkaturatu du

Sektorearen krisiari aurre egiteko, bitartekaririk gabe ekoitziko dute, eta 0,89 eurotan saldu

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Bizkaia Esnea kooperatibak beste aurrerapauso bat eman du bitartekaririk gabe behi esnea banatzen jarraitzeko. Duela urte eta erdi, esne freskoa merkaturatzen hasi ziren litroko botila, kupel eta poltsen bidez. Orain, UHT esnea ere salduko dute, kartoietan.

«Gure kontsumitzaile guztiek ezin dute esne freskoa egunero eskuratu; beraz, eurengatik ahalegin berezi bat egin behar izan dugu», esan du Bernardo Gonzalez Bizkaia Esneako presidenteak. Esne freskoa saltzeko makinekin, Bizkaiko merkatuaren %9 izatera iritsi dira Bizkaia Esneako kideak. Eta, orain, produktu berri horrekin jende gehiagorengana iristeko asmoa erakutsi du Gonzalezek. Horretarako, hiru eratako esnea merkaturatuko du Karrantzako baserritarrak elkartzen dituen kooperatibak: osoa, erdigaingabetua eta gaingabetua.

«Esnea mantentzeko eta tratatzeko UHT prozesua marka handiena da, baina hemendik aurrera Bizkaia Esnearen bidez baserritarrek kontrolatuko dute prozesu guztia», zioen Gonzalezek, atzo, Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpenean. Era horretan, lortutako etekinak baserritarrarentzako izango dira, eta gaur egun behi esnearen produkzioak duen krisi egoerari aurre egiteko ezinbesteko aukeratzat aurkeztu dute. Baina, horretarako, lehiakorrak izan behar dute. Hori dela eta, 0,89 euroren truke salduko da esne litroa Eroskin, Erkorekan, BMn eta Bizkaiko 200 dendatan.

Egoera larrian

Sektorearen krisiaren eraginez, bailarako hamabost baserritarrek esne ekoizpena alde batera utzita daukate aurten. «Horrek indarra eta amorrua ematen digu era berean», dio Gonzalezek. «Amorrua, batetik, horrek erakusten duelako esnearen industria zein egoera txarrean dagoen. Eta indarra, bestetik, Karrantzako bailaran esne ekoizpenak aurrera egin dezan lanean jarraitzeko».

Gaur egun, Bizkaia Esneako baserritarrek 40.000 litro esne ekoizten dituzte egunero. Joan den hamarkadan 100.000 litroko produkzioa zuten; baina, hala ere, indartsu sentitzen direla azpimarratu du Gonzalezek.

Urre zuria

Julio Ibarra kazetaria ere egon zen atzoko aurkezpenean. «Azken boladan bertatik bertara ezagutu ahal izan dut Karrantzako bailarako baserritarren egoera, eta ziurta dezaket hau dela Bizkaiko azken erreserba espirituala, egoera birjinean aurkitzen den azkena», esan du. Horregatik, «egoera birjinean» dagoen bailara hori hiltzen ez uzteko deia egin du Ibarrak. Bide horretan, Bizkaia Esnearen lana azpimarratu du, «euren produktu hau urre zuria baita».

Jose Luis Anda Eusko Jaurlaritzako Elikagai Politika eta Industriarako sailburuordeak ere hitz egin zuen atzoko aurkezpenean. «Produktu berri honen merkaturatzearekin garbi ikusten da sektore hau oraindik bizirik dagoela; hala ere, landa eremu hauek indartzen jarraitu beharra daukagu». Andaren iritziz, Karrantzako baserritarrek kalitate handiko produktua eskaintzen dute, eta, horregatik, «kontsumitzaileei euren aldeko apostua egin dezatela» galdegin die, denona den identitate soziala gal ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.