Bizkaian, hobekuntzari eutsi dio zerga bilketak, %3,1 handituta

Hazkundea ekainekoa baino bi hamarren txikiagoa bada ere, urteko aurreikuspena betetzeko bidean da herrialdeaErrenta eta sozietate zergekin, iaz baino gutxiago bildu du ogasunak uztail arte

Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia. Aurrekontuaren %47 estali du jadanik diputazioak. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2013ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uztail arteko zerga bilketaren datuari arreta berezia eskaini ohi diote ogasunek. Ordainketa hilabetea da, eta urteak izan dezakeen garapena iragartzeko baliatzen dute foru aldundiek. Bizkaia izan da datua jakinarazi duen lehen diputazioa, eta herrialde horretan, behintzat, hazkundeari eutsi dio zerga bidez bildutako diruak.

Datu itxaropentsua da, baina ñabardura batzuk aintzat hartu behar dira. Uztail arte, 197 milioi euroan handitu da bilketa, aurreko urtean baino %7,3 gehiago. Hala ere, ez da hazkunde erreala. Izan ere, iaz abuztuan izandako bi diru sarrera hilabete bat aurreratu dira aurten. Aldaketa hori kontuan hartuta, benetako hazkundea %3,1 izan dela azaldu zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiak, ohar baten bidez. Guztira, 2.924,2 milioi euro jaso ditu orain arte.

Urte arteko hazkundea ekainean zegoena baino bi hamarren txikiagoa da. Hala ere, azken hilabeteotan izandako gorakadari eutsi dio herrialdeak. Urteko lehen hilabeteetan zerga bidez diru gutxiago biltzen ari zen ogasuna, eta horrek urteko aurreikuspena zalantzan jarri zuen. Finantzen Euskal Kontseiluan adostutakoaren arabera, 6.220 milioi euro eskuratu behar ditu aurten Bizkaiak zerga bidez bere finantzazioa eta ekarpenak asetzeko. Hau da, 2012. urtean baino %3,4 gehiago. Uztailean, aurrekontuaren %47 estali du.

Joera aldaketa finkatzen den egiaztatzeko, Araba eta Gipuzkoaren emaitzak falta dira. Bi herrialde horietan, tasa negatiboak izan ditu zerga bilketak urteko lehen sei hilabeteetan. Hain zuzen ere, Gipuzkoan %1,2 gutxiago eskuratu dute, eta Araban, %1. Dena den, bi herrialde horietan ere bilketaren jaitsiera apaldu egin da apiriletik aurrera. Bi erakundeek espero dute egoera hobetzea udan.

Guztira, 2013. urtean 11.800 milioi biltzea aurreikusi zuten hiru foru ogasunek, 2012. urtean baino %3,65 gehiago. Oraindik, uztaileko argazki osoa falta da, eta abuztua ere hilabete oso esanguratsua izan ohi da: errenta zergaren likidazioa amaitzen da, eta uztaileko azken txanpan hasitako sozietate zergaren ordainketa ere bukatzen da.

Ondorio ezberdinak izan ditzake zerga bilketak esparru politikoan. Helburuen azpitik nabarmen geratzeak kontuak berrikusi eta gastua are gehiago estutzera eraman ditzake erakundeak. Tentsio puntu bat gehitu diezaioke, gainera, udazkenean azkartuko diren bi prozesuri. Alde batetik, zerga erreformaren negoziazioa dago, batez ere EAJren eta PSE-EEren artean landu dena. Bestetik, 2014. urterako aurrekontuen aurkezpena eta negoziazioa, Iñigo Urkulluren gobernuak aurtengo proiektua bertan behera utzi ondoren.

Zalantza asko argitzeke

Era batera edo bestera, zerga bilketaren eboluzioa, ezinbestean, ekonomiak izango duen egoerari lotuta geratuko zaio. Oraindik aste batzuk falta dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoak ekainera arte izan zuten barne produktu gordinaren datua ezagutzeko. 2013 urte txarra izango dela ez du inork zalantzan jarriko, baina hondoa jo eta hazkundea noiz hasiko den erabakigarria izan liteke.

Datu esanguratsu batzuk utzi dituzte Bizkaiko zerga bilketaren emaitzek. Esaterako, errenta zergaren bilketak behera egin du, lan errentei ezarritako atxikipenak %0,6 erori ondoren. Datu horretan, langabeziaren zama eta lan merkatuaren ajeak islatuta geratu dira, aldatzeko seinalerik eman ez dutena. Bitartean, sozietate zergaren bilaketak %5,4 egin du atzera uztail arte.

Emaitza hobeak izan dituzte beste zerga batzuek. Ondare zergaren bilketa 66 milioira iritsi da, aurreko urtean baino %16 gehiago. Halaber, kudeaketa propioa duen BEZ zerga %10 igo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.