Zerga erreforma orokor baterako lehen urratsa egin zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiak. Iaz egindako moldaketa txikien ondoren, moldaketa sakonago bati heltzeko borondatea adierazi zuen atzo Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak, herrialdeko politika orokorreko bilkuran, Gernikan. Errenta, sozietate eta ondare zergak aztertzeko eta eraldatzeko prest dago orain foru gobernua.
Luzaroan ukatu izan du EAJk zerga erreforma oso baten beharra. Joan den abuztuan, ordea, administrazio publikoek behar adinako finantza baliabideak izan ditzaten zerga sistema moldatzeko unea dela esan zuen Iñigo Urkullu EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. Hautsak harrotu zituen Urkulluren mezuak, Patxi Lopez lehendakariak bozetara deitu eta hurrengo egunean egin zuelako adierazpena. Eusko Jaurlaritzak ordura arte erreforma bat bultzatzeko egin zituen ahalegin guztiei bizkarra emana zieten jeltzaleek.
Bilbaok hitzaldian ez zuen xehetasun askorik eman, baina, behintzat, argi utzi zuen erreforma zabala egin nahi dela. Errentari dagokionez, irabazi handienak aitortzen dituztenei zergak igo nahi dizkie. Joan den urtean EAJk eta PPk adostu eta Araban nahiz Bizkaian ezarri zen erreforman ez zuten tasarik handiena igo. Bi herrialde horietan, tasarik handiena %45 da, 65.000 euro baino gehiago irabazten dutenentzat; Gipuzkoak, berriz, %49 arteko igoera jarri zuen martxan, Bildu eta PSE-EEren arteko akordioari jarraituz.
Indarrean dauden kenkari eta zerga hobariak ere berraztertu nahi ditu Bizkaiak. Horrek, akaso, tasa handienak igotzea baino eragin zabalagoa izango du. Esaterako, errenta zergak duen kenkari nagusia etxebizitza erostearen truke jasotzen dena da. Bruselak behartuta, kenkari hori bertan behera utzi du Espainiako Gobernuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan orain arte ez da proposatu hori ezabatzea. Oso zabalduta dagoen beste kenkari bat pentsio pribatuetara edo borondatezko aurreikuspen erakundeetara eginiko ekarpenei egiten zaiona da.
Aurrezkiak eta kapital irabaziek ordaintzen duten zergaren oinarria aldatuko da, era berean. Orain 10.000 euro arteko irabaziek %20 ordaintzen dute, eta %22 hortik gorakoek. Bilbaok ez zuen aipatu tasa igotzea, baina irabazi kopurua aldatzea posible da. Kontuan hartu behar da, gainera, Espainiako gobernuak burtsako etekin azkarrei zergak igotzeko asmoa iragarri duela.
Moldaketa guztien ondoren, errenta zerga errazagoa izatea eta zergapeko «gehienek» aitorpenik egin behar ez izatea da aldundiaren helburua, libratzen diren baliabideak beste alor batzuetara zuzentzeko.
Ondare zergak iragarri baino iraupen luzeagoa izan dezake. 2008. urtean indargabetu zen —2009an Gipuzkoan—, eta bi urterako indarrean jartzea erabaki zuen iaz Bizkaiak. Orain, erabakia luzatzeko aukerari ateak zabaldu dizkio Bilbaok. «Ondare zerga berraztertu behar da, behin-behineko izaera barne, eta dohaintzentzako zerga egokiekin osatu behar da, gehien dutenek gutxiago dutenek baino gehiago ordain dezaten».
Enpresen irabaziek ordaintzen dituzten zergak berraztertuko dira. Bizkaiak ez ditu zalantzan jarri gaur egun sozietate zergak ezarritako tasa orokorrak. Dena den, prest legoke zerga oinarria kalkulatzeko eta kuotari ematen zaizkion zerga hobariak aldatzeko. Halaber, gaur egun enpresek eskura dituzten zerga-pizgarri ugariak mugatzea beharrezkotzat jotzen dute. Gipuzkoak sozietate zerga erreformatzeko proposamen orokor bat egina du dagoeneko, eta Batzar Nagusietan eztabaidatzen ari da.
Zerga iruzurrak ere Bilbaoren hitzaldiaren parte garrantzitsu bat bete zuen. Zortzi zerga ikuskari eta hamar ikuskariorde kontratatuko ditu foru ogasunak. Iruzurrari aurre egiteko neurrien artean, gastu batzuk kentzeko aukerari mugak jarri nahi dizkio, pertsona fisikoa edo juridikoa den axola gabe.
Murrizketak laster
Orain arte zerga igoera baten aurka azaldu da Bilbao. Arazoa ekonomiaren erorketa dela eta zerga sistemak ez duela errua esan izan du, eta atzo ere tesi horri eutsi zion. «Zerga bilketa ez da jaitsi tasak murriztu direlako. Bilketa jaisteko arrazoia ekonomiaren erorketa izan da. Errealitatea egoskorra da». Ildo horretatik, Gipuzkoan egindakoa kritikatu zuen: «Ustezko erreforma aurrerakoi eta ezkertiar baten ondoren, harmonizazio gabekoa izateaz gain, bilketa jaitsi egin da».
Hitzetatik aparte, ordea, Bizkaiak martxan jarri duen zerga erreformak nekez jaitsiko ditu egungo zergak, eta, kenkariak eta hobariak ukitzen badira, zergapekoek gehiago ordaintzen amaituko dute, iaz onartutako erreforma txikiarekin gertatu zen gisara. Alor horretan errenta handiei zergak igo beharra bere egin zuen Bilbaok. Atzo bertan, Patxi Lopez lehendakariak 120.000 eurotik gora kobratzen dituztenei errenta zerga %60ra igotzea proposatu zuen. Iaz tasa handiena %50 izatea eragotzi zion PSE-EEk Bilduri Gipuzkoan.
Bilbaok ziurtatu zuen erreformak ez duela loturarik epe laburreko finantza estutasunekin. Baina estualdia egon badagoela onartu behar izan zuen hitzaldian. Abuztua arte %3 jaitsi da ogasunak zerga bidez bildutako dirua. Datu hori jakinda, urte osorako aurreikuspena ez dela beteko argi du foru gobernuak. Aurrekontuek zehaztutako diru sarrerekin alderatuta, %6 eta %8 bitarteko zuloa geratuko dela espero du. Gabezia hori estaltzeko gastuak murriztuko dituztela iragarri zuen Bilbaok, baina ez zuen azaldu non. «Datozen egunotan neurri horien eragina jakinaraziko diegu batzarretako taldeei».
Aurtengo zerga bilketak huts egingo zuela espero zuten honezkero administrazioek. Aurreikuspena egin zen garaian EAEko ekonomiak hazkunde positiboa izango zuela kalkulatu zen, eta atzeraldian bete-betean sartuta dago. Udaren aurretik, badaezpada, bilketa %6 txikiagoa —727 milioi euro— izango balitz bezala neurriak hartzen hasi ziren erakundeak. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, dagoeneko hartutako doikuntza neurriekin aski izatea espero du, baina, edozein kasutan, Espainiako Gobernuak balio erantsiaren zergari ezarri dion azken igoerak nolako ondorioak izango dituen ikusi beharko delaadierazi zuen atzo Carlos Agirre Ekonomia sailburuak.
Zerbitzu publikoen kopurua eta kalitatea ez dela aldatuko agindu zuen ahaldun nagusiak, baina gastua jaistea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuen. «Gerrikoa estutu beharra dauka Bizkaiak. Gaur, atzo baino txiroagoak gara, baina bihar baino gutxiago. Etorkizuna, zalantzaz beterikoa izateaz gain, oraina baino txarragoa izango da».
Erreformari «ongi etorria»
Oposizioko talde gehienek bat egin zuten zerga politika aldatu beharrarekin. PSE-EEk iragarpenari «ongi etorria» ere eman zion. Hala ere, Jose Luis Bilbaoren hitzekiko mesfidati aritu ziren guztiak. Bai PSE-EEk bai Bilduk gogoratu zuten behin eta berriz eskatu dutela zerga sistemari buruzko eztabaida abiatu eta erreforma egin dadila baina EAJren ezezkoa jaso dutela orain arte. Hortaz, zalantzan jarri zuten ahaldun nagusiak erreforma «benetan» sustatuko duen eta alderdi guztien arteko elkarlana bultzatuko duen.
Irene Soto Bilduren bozeramailea aritu zen zorrotzen: «Azal ezazue zergatik zerga sistema justu eta progresibo bat sustatzeko proposamen guztiei esan diezuen etengabe ezetz!». Orain arte, aberatsenen onurarako neurriak hartu izana aurpegiratu zion Bilbaori, eta zerga iruzurraren aurka neurri eraginkorrik hartu ez izana. «Ez dugu sinesten esaten duzuna!», ohartarazi zion. Bilduk zenbait proposamen egin ditu; «diru sarrera guztiak berdin tratatzea» eta «dirutza handien zerga» ezartzea, esaterako.
Iñaki Egaña PSE-EEren bozeramaileak ere zerga sistemari buruzko eztabaida «zintzotasunez» abiatzeko eskatu zuen. Hala aritzeko prest azaldu, eta eskua luzatu zion ahaldun nagusiari, orain arte EAJk izan duen kontrako jarrerak zalantzak sortzen badizkio ere.
Erreformari buruzko eztabaidak aldundietatik haragokoa izatea nahi duela azaldu zuen Iñaki Egaña PSE-EEko bozeramaileak, Jaurlaritzari zein udalei eragiten dielako. PPko Esther Martinezentzat, berriz, proposamena ez da sinesgarria, eta zehaztasunak eskatu zizkion Bilbaori: «Bilketan %8ko zuloa egin duenez orain zergak igo beharko dituela bakarrik esan du».
Bizkaia. Zerga erreforma
Bizkaiko Aldundiak zerga erreforma sakonago bati heldu nahi dio orain
Errenta, sozietate eta ondare zergen egoera aztertzeko eta moldatzeko proposamena iragarri du Jose Luis Bilbao ahaldunakForu aldundiak gastu publikoa %6 eta %8 bitartean murrizteko neurriak hartuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu