Otsailean egin zuten lehen greba Bizkaiko bulegarien sektorean. Deitzaileek ziurtatu zuten historikoa izan zela, oso sektore atomizatuta delako, 23.000 langileak ehunka lantoki desberdinetan banatuta daudelako.
Greba horrek ez du lortu Cebek patronalarekin akordioa lortzea, baina bide horretatik presio egiten jarraitzea erabaki dute ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuek —ordezkaritzaren %50etik gora dute—, baina ez, ordea, CCOOk eta UGTk.
Azken hamar hilabeteetan hamabost bilera izan dituzte Cebekekin. "Baina aurrera egin beharrean, ikusten dugu Cebekek eta haren atzean ezkutatzen diren enpresek negoziazioa blokeatu dutela, eta esaten dutela soilik negoziatuko dutela lan ituna okertzen bada", azaldu dute sindikatuek, gaur goizean, Bilbon.
Patronalak eskaini du aurten soldatak %2,5 igotzea, eta %1, %1,25 eta %1,5 hurrengo urteetan. Sindikatuentzat ez dira nahikoak kopuru horiek, ez baitu konpentsatzen bost urtez soldatak izoztuta izan direla. "Bost urtez ez zaizkigu taulak berritu, langileek diru asko galdu dugu, eta ezin dugu horrela segitu".
Grebarako giroa berotzeko asmoa dute sindikatuek. Hasteko, martxoaren 22an manifestazioa egingo dute Bilboko Plaza Eliptikoan.