Bizkaiko ehungintzako hitzarmena sinatu dute

ELAk eta Bizkaidendak egin dute akordioa, eta LABek dio sektoreko langile gehienak itunetik kanpo gera daitezkeela

xabier martin
2013ko urriaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dagoeneko soldata jaitsiera pairatu duten langileak gutxi ez diren arren, urte berriarekin batera sumatu daiteke benetako gainbehera uztailaren 7ko ultraaktibitate mugagabearen amaieraren ondorioz; langileei etor lekiekeen galeraren berri emateko jasotako gutunak ere ez baitira gutxi. Eta urtea amaitu aurretik sindikatuak negoziazio mahaiak martxan jartzen hasi dira, ahal duten neurrian, baina orain ere banandurik, uztailaren 7ko amildegiaren atarian gertatu bezala.

ELAk Bizkaiko ehungintzaren lan ituna sinatu du Bizkaidendak patronalarekin, 2009-2013rako. Sindikatuak esan duenez, ultraaktibitate mugagabea jasotzen du akordioak, soldata igoerak 2012rako (%2) eta aurtengorako (%1,5), eta hitzartutakoa betetzeari uzteko enpresaren ezintasuna, sindikatuekin aurretik hitzartzen ez bada. ELAk gehiengoa dauka sektorean, eta CCOO, UGT eta LABek Cecobi patronalaren mahaiko negoziazioari eustea nahiago izan dutela salatu du.

LAB eta CCOOren zalantzak

Ehungintzaren ituna Cecobik sinatu ez duenez, sektoreko langile gehienak akordiotik kanpo gera daitezkeela uste dute LABek eta CCOOk. Bizkaidendari lotutako enpresetan aplikatuko da hitzarmena, baina Cecobiko enpresetan ez du zertan horrela izan. Patronal horrek ere nabarmendu du Bizkaidendak ez duela legitimitaterik ituna sinatzeko, eta ELAri egotzi dio «lan harremanak suntsitu» nahi izatea. LAB ere ez dago ELAk negoziazio mahai hori eratzeko izan duen moduarekin. Atzera egin, eta mahaia berriro eratzera behartu duela dio LABek, sindikatu bakoitzak duen ordezkaritza onartuz. Era berean, sinatutako akordioa Bizkaidendak igorritako oinarri baten bidez jakin duela dio LABek, eta han jasotako hainbat punturekin ados dela, baina uste du, era berean, itunera biltzeko hainbat baldintza bete beharko liratekeela: 2014rako soldata igoera KPIra lotuta egotea (haren %85 igotzea). Hori da Cecobi patronalarekin negoziatzen ari diren sindikatuek mahai gainean jarri duten baldintzetako bat.

Hala LABek nola CCOOk deia egin dute Cecobi eta Euskaldendak patronalak (bakoitza bere ordezkaritzarekin) dauden mahai bat osatzeko, eragile guztiek akordioa egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.