Arrantza

Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako flotak azken hamar urteetako kuotarik handienekin hasiko du kanpaina

Antxoaren kuoten kudeaketa banatuago bat lortzeko hitz egiten ari dira Kantauriko beste flotekin, gehiegizko eskaintza saihestuz errentagarritasun handiagoa izateko.

Eugenio Elduaien, Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentea, Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburua, eta Miren Garmendia Opegiko zuzendaria, gaurko aurkezpenean. BERRIA
Irune Lasa.
2022ko otsailaren 18a
11:59
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ilusioz» hasiko dute aurtengo kostera baxurako flotan, arindua hartuta pandemiaren zailtasunetatik, eta esku artean aspaldiko arrantza kuota handienak dituztela. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura sailburuak aurtengo kanpainaren aurkezpenean gogoratu du nola iazkoa ziurgabetasun osoz hasi zuten arrantzaleek; hala ere, flota txertatu ahal izateak lehiakor aritzeko beta eman zien, eta hegaluze gehiago (+%19) eta antxoa gehiago (+%37) arrantzatu ahal izan zuten.

Aurten kopuruak hobetzera itsasoratuko dira. Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak emandako datuen arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek amuan eta sarean ia 9.000 tona berdel harrapatzeko kuota izango dute.

Baina antxoaren eta hegaluzearen kuotak, oraingoz, Espainiari dagozkionak dira. Horrela, 25.250 tona antxoa arrantzatzeko kuota Espainiarako da. Ohikoena, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen artean kuota horren %35-37 inguru harrapatzea izaten da. Eta, hain zuzen, kopuru egonkor horiei begira, euskal arrantzaleak, «Madrili itxaron gabe», Kantauriko beste erkidegoetako arrantzaleekin hitz egiten hasita daude, antxoaren kuoten kudeaketa aldatzeko.

«Modernizatzeko», gaineratu du Leandro Azkuek, esplikatuz gai horretan Eusko Jaurlaritza ari dela elkarrizketetan Espainiako Arrantza Ministerioarekin. Helburua da kuota hori barkuka edota gutxienez erkidegoka banatu ahal izatea. Horrela, saihestu egingo litzateke barku guztiak egun berean itsasoratzea eta norgehiagokan ibili behar izatea, zertarako eta gero lonjan gehiegizko eskaintza egoteko.

Kuota banatuagoen bila

Kuota banatuagoarekin, arrantzaleei egun ezberdinetan itsasoratzea ahalbidetuko lieke, gehiegizko eskaintza egotea saihestuko litzake, eta horrela errentagarritasun handiagoak lortzeko aukera izango lukete. Barkuka banatutako berdelaren kuotarekin hori lortzeen dute.

Elduaienen arabera, antxoaren kuota banatuagoekin ados dago Kantauriko arrantza flotaren %70-%72. «Gipuzkoarrak ados daude, bizkaitarrak, kantabriarrak, eta galiziarren %40; beste galiziarrak eta asturiarrak daude kontra». Azaldu duenez, kontra dauden galiziar horiek Kantauriko flotaren %25 inguru hartzen dute, eta asturiarrek %2. Horregatik, Elduaienek itxaropena du hurrengo urteko kanpainarako kuoten banaketa eta kudeaketa hobea izango dutela.

Hegaluzearekin zailagoa ikusten da horrelako zerbait lortzea, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen eta Eusko Jaurlaritzaren nahia hori bada ere. Kofradien federazioak oraindik ez dira horrekin hasi, eta, Azkuek azaldu duenez, Madrilek ere eragozpen handiak jar ditzake, hegaluze kuotaren zati bat erabili ohi duelako konpentsatzeko beste kuota batzuen murrizketak jasaten dituzten arrantzaketak, errazagoa baita, adibidez, legatza harrapatzetik hegaluzea arrantzatzera pasatzea.

Aurten, hegaluze kuota ia 18.000 tonakoa da Espainia guztirako. Ohikoa da kuota horren %60 euskal ontziek harrapatzea. Antxoa eta hegaluzea oso garrantzitsuak dira euskal baxurako flotarentzat. 2021ean, sektorearen fakturazioaren %83 hartu zuten.

Txitxarroaren kuotari dagokionez, oraindik ez dago finkatuta aurtengo kuota, baina Europatik %12-15eko murrizketa bat etorri dela ohartarazi du Elduaienek. Eta legatz gutxiago ere harrapatu ahalko dute arrantzaleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.