Ostegun goiza izateko, lasai dago Bermeoko portua. Baxurako arrantzontzi bakarra dago amarratuta, eta bezperan harrapatutako hegaluzea zatitzen ari dira arrantzaleak, etxera eramateko. Gainerako ontziak itsasoan dira, hegaluze kanpainan buru-belarri. Baina sasoi honetan portua hain hutsa egotea ez da ohikoa, Juan Antonio Allika Alto de Umbe arrantzontziko patroi izandakoak onartu duenez. Berrogei urtetik gora eman ditu itsasoan beharrean, eta, joan den urtean erretiroa hartu zuen arren, portuan dabil, kostera zelan doan jakin guran. Eta ez da batere baikorra: «Hegaluzea harrapatzen ari dira, baina oso urrun dago. Aurreko urteetan ez bezala, gure kostatik ez da arrainik igarotzen ari». Hori izan daiteke portuko hutsunea ulertzeko arrazoietako bat: arrantzontziak Bermeotik lau egunerako distantzian ari direla hegaluze bila.
Allika kezkatuta dago aurtengo hegaluze kosteraz, nahiz eta ez dion zuzen-zuzenean eragiten. «Hegaluzeak urte osoko soldata bermatu ohi du, baina horrek huts eginez gero, aldapa gora jartzen da dena». Arrantzontzi askorentzat, diru sarreren %60 edo %70 izan ohi da hegaluzea, eta gainerako kosterekin borobiltzen dute denboraldia.
Ez da hain ezkorra Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako zuzendaria. Datu hutsei erreparatu die: sasoi honetarako, joan den urtean 2.682 tona harrapatu zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, eta aurten 1.874 tona lehorreratu dituzte euskal portuetan. Nolanahi ere, kanpaina hasieran Asturias eta Galizian lehorreratu dute hegaluzea arrantzaleek, «joan-etorriak murrizteko». Horregatik, Azkuek ziurtatu du euskal arrantzaleek tona gehiago harrapatu dituztela, datuetan azaltzen direnak baino.
Iazko antzeko arrantza bai, baina arazoa ontziek egin beharreko gastuan dago. Beti-Lagun bi itsasontzian dago Allika, Jose Luis Pouso bertako patroiaren laguna baita. Haren arabera, azken joan-etorrian 10.000 litro gasolio eta zortzi egun behar izan dituzte hegaluze bila joateko. «9.000 kilo arrantzatu ditugu, baina horrek ozta-ozta ematen du gastuak berdintzeko». Kofradietan kilo bakoitzeko ordaintzen den diru kopurua, gainera, ez da igo gastuak adina. Iazko datuen bueltan dabil: batez beste 3,03 euro ordaindu zen joan den urtean, eta aurten 3,39 euro. «Errentagarritasunaren ikuspegitik eragin kaltegarria» izaten ari dela aitortu du Azkuek, eta kezkatuta dago hura ere. Pousok ohartarazi du urtea zaila izango dela merkatuko prezioak hobetzen ez badira.
Migrazio ohituran aldaketa
Urtero migrazio ohitura jakin bati segitzen dio hegaluzeak, baina aurten aldatu egin du bide hori. Udaberrian ozeanoko urak berotzen hasten direnean, janaren bila abiatzen dira hegaluzeak, Atlantiko erdialditik mugituta. Irlandako uretarako bidean, Mediterraneotik eta Portugal mendebaldetik igarotzen dira. Galiziatik Bizkaiko golkora egin ohi dute, eta bertatik iparraldera. «Baina aurten Galizian hesi bat egongo balitz bezala jokatu dute, eta iparraldera jo dute», azaldu du Azkuek.
Hegaluze kanpaina maiatzaren erdialdera hasi zen; orduan, erretenaren teknikarekin behar egiten duten ontziak irten ziren itsasora. Uztailaren erdialdera arte iraun zuen horien kanpainak, eta, Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentearen arabera, ontzi horientzat kostera ona izan zen, aurreko urteetako kopurua berdindu dutelako. Baina arrantzontzi horiek Atlantiko erdialdera irten ziren arrantzara.
Abuztu inguruan hegaluzeak euskal kostaldetik gertu ibili beharko luke, eta orduan hasten da beita biziekin lan egiten duten baxurako ontzien jarduna. «Ontzi horientzat Atlantikoa urrun dago, eta, gainera, itsasoaren baldintzak gogorragoak dira», dio Elduaienek. Kosterak urrira arte iraungo du oraindik, baina uste du lanak izango dituztela gaizki hasitakoa bideratzen.
Allikak, berriz, gogora ekarri du hegaluzea iparraldera doala, eta han zain dituela arrantzale frantsesak, bretainiarrak eta irlandarrak. «Arrantza eredua ezberdina daukate, arrastean aritzen baitira. Horregatik, horiek sartzen direnean gure ontziek ezer gutxi izango dute arrantzatzeko».
Hegaluzeak aurten hartu duen bide aldaketa, ordea, ez da kontu berria. 2001, 2009 eta 2010. urteetan, esaterako, joera bera hartu zuen, eta ez zen inguratu Bizkaiko golkora. Arrantzale guztiek aldaketa horren arrazoia jakin nahi dute. Joan den astean, esaterako, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak nabarmendu zuen zeresana izan dezakeela itsasoko uraren tenperatura igoerak. Hain zuzen ere, hegaluzeentzat ura 18 eta 22 gradu artean egotea da egokiena, eta orain Bizkaiko golkoan 23 gradu inguruan dago. Allikak zalantzan jarri du teoria hori: «Lehen ere ura beroa egongo zen, ala?».
Sailburuordeak lotura egin zuen tenperatura eta migrazio ohituren aldaketarekin, baina Azkuek zuhurrago hitz egin gura izan du: «Ondorio zehatzik ez daukagu oraindik, denak hipotesiak baitira». Duela hiru urte, Eusko Jaurlaritzak hegaluzeak bere migrazioan izandako aldaketa horien zergatia ikertzeko eskatu zion Azti ikerketa zentroari, baina oraindik ez dute ondorio zehatzik atera.
«Baina zergatiak baino gehiago arduratzen nau ni joera hori orokortuz joango ote den jakiteak», onartu du Allikak. Azkueren ustez, hurrengo urteotan berdin gertatzeak goitik behera aldatuko luke euskal arrantzaleen jarduna. «Bidaia luzeagoak egin, eta kanaberekin banan-banan arrantzatzen jarraituz gero, errentagarritasuna kaltetu liteke». Aukera horretan ez du pentsatu ere egin nahi, baina migrazio ohituraren aldaketa hori errealitate bihurtuko balitz, «egoera berrira egokitu» beste aukerarik ez du ikusten, baina ondorioak ateratzeko goiz dela ere argitu gura izan du.
Hegaluze denboraldia
Bizkaiko golkoak galdutako turista
Hegaluzea, ur beroen bila egiten duen migrazioan, ez da etorri euskal kostaldera.Arrantzaleei gastuak handitu egin zaizkie, eta uste dute kostera txarra izango dela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu