Bizkaiko golkoko antxoa, txikiagoa duela 30 urtekoa baino

AZTIren arabera, litekeena da klima aldaketaren adierazle izatea. Ur beroagoetan, arrain gazteak bizkorrago hazten dira, baina tenperatura altuagoak geldiarazi egiten du geroagoko garapena.

ANTXOAK
Antxoa txikiak eta parrotxak deskargarako kaxa batean. GORKA RUBIO / FOKU
Irune Lasa.
2023ko abenduaren 4a
14:10
Entzun

Jateko on askoa izaten jarraitzen du, baina Bizkaiko Golkoko antxoa txikiagoa duela 30 urtekoa baino. Hala ondorioztatu du AZTI zentro teknologikoak Global Change Biology aldizkarian argitaratutako azterketan, azken hiru hamarkadetako datu zientifikoak oinarri hartuta.

AZTIko adituek ikusi dute Europako antxoaren ale helduen batez besteko neurria eta pisua nabarmen txikitu direla eta, aleak txikiagoak izateaz gain, forma lerdenagoa hartzen dutela. «Pisuaren murrizketa luzera osoarena baino handixeagoa da, eta azken hogei urteetan azkartu egin dira murrizketa tasak, hamarkada bakoitzeko %25eraino», nabarmendu du Fernando Taboadak, AZTIren lanaren autore nagusietako batek.

Ozeanoen berotzearekin lotuta daude, neurri batean, aldaketa horiek. Baina ikertzaileek iradoki dute ingurumen faktoreen elkarreragina konplexua dela, eta baztertu egin dute arrantza presioak eragin adierazgarria izatea aldaketa horietan.

«Antxoa ugariagoa den heinean, aleak txikiagoak direla ikusi dugu, baina erlazio hori ez da hain argia etapa aurreratuagoetan, non tenperatura izan baita tamaina txikitzeko arrazoi nagusia», erantsi du Guillem Chustek, azterlanaren egileetako batek.

Haren arabera, «oro har, ur beroagoetan bizi diren arrain gazteak bizkorrago hazten dira ur hotzagoetan jaiotakoak baino; hala ere, tenperatura altuagoa izateak geldiarazi egiten du geroagoko garapena, eta, hala, helduek gorputz tamaina txikiagoa hartzen dute».

Ikertzaileek bi hipotesi berretsi dituzte, uraren tenperatura aldatzen denean arrainen tamaina nola aldatzen den eskala handian ebaluatzeko. Lehen hipotesiaren arabera, erlazio estua duten arrain espezieak konparatzean, hala nola Engraulis generoko espezieak, oro har arrainak handiagoak izaten dira ur hotzagoetan. Berretsitako bigarren hipotesiak espezie bereko populazio desberdinetan jartzen du arreta, eta behaketa horiek ere erakutsi dute oro har antxoa populazioetako indibiduoak handiagoak direla itsaso hotzenetan.

AZTIren arabera, «froga osagarriek diote antxoa txikiagoa izatea Bizkaiko golkoko klimaren aldaketen eta ekosistemaren funtzionamenduaren erantzunaren adierazle izan daitekeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.