Bizkaiko metalgintzak ohartarazi du merkatua geldirik dagoela

FVEM patronalak dio sektoreak ez duela aurreko urteetako erritmoa berreskuratu. Hiru enpresatik bik uste dute AEBetako muga zergek eragin zuzena izango dutela beren jardueran.

Bizkaiko metalgintza sektoreko enpresa bateko langileen arropak, zintzilik. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bizkaiko metalgintza sektoreko enpresa bateko langileen arropak, zintzilik. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko uztailaren 22a
12:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dago krisian, baina ezta susperraldian ere. Bizkaiko metalgintzak zerumuga lainotuta ikusten du oraindik. 2024. urtearen amaiera zaila izan bazen ere, 2025eko lehen sei hilabeteetan suspertzen hasi da, baina, FVEM patronalaren arabera, esnatze hori «oso mugatua» eta «ahula» da oraindik ere.

Elkarteak inkesta bat egin du 235 enpresaren artean, eta horien %30ek adierazi dute aurreikusitakoa baino jarduera txikiagoa izan dutela urtearen lehen erdian. Jardueraren adierazle nagusia 76,56 puntukoa da, hau da, azken inkestek erakutsitakoa baino zertxobait handiagoa, baina aurreko urteetako emaitzak baino txikiagoa. «Irudipena dugu eusten ari garela, baina ez aurrera egiteko moduan. Ziurgabetasuna hor dago oraindik», nabarmendu du Begoña San Miguelek, FVEMeko presidenteak.

«Talentua erakartzeko eta sektorea egokitzeko gaitasuna izatea funtsezkoa izango da datozen urteetan»

BEGOÑA SAN MIGUELFVEMeko presidentea

Izan ere, beste ziurgabetasun faktore batzuk azaldu dira. Bat nagusiki: AEBetako presidente Donald Trumpek iragarritako muga zergak. Horrek tentsioak areagotu ditu merkatu globalean, baita metalaren sektorean ere. Europako enpresek AEBetara esportatzeko zailtasun handiak bazituzten, baliteke aurki horiek handitzea; baita beste merkatu batzuetan aritzeko ere, AEBek bere mugak beste herrialde batzuei ere ixten badizkie, bereziki Txinari, Europak arazo handiak izango baititu Txinako altzairu eta aluminio merkearekin lehiatzeko.

FVEMek nabarmendu duenez, faktore horiek erabat baldintzatzen dute sektoreko enpresen jarduera, baita haien aurrekontu eta inbertsio planak ere. Azken txostenean jasotzen denez, Bizkaiko hiru enpresatik bik uste dute AEBetako muga zergek eragin zuzena izango dutela beren jardueran.

Eskari zorroak husten

Ez aurrera ez atzerako egoera horretan, merkatuetan ez da hobekuntza zantzurik nabaritzen, FVEMen arabera: enpresen %59k esan dute urteko lehen erdian ez dela hazkunderik egon, geldirik egon dela, eta hori eskari zorroetan islatu dela: ohiko mailen azpitik daude enpresen %40. Produkzio ahalmena ere gutxitu dute hirutik bik; jarduera indizea 75,26 puntukoa da, duela sei hilabete baino zertxobait apalagoa.

%52

Bizkaiko metalgintzako bi enpresatik batek (%52) lanposturen bat hutsik utzi du aurten, horretarako hautagai egokirik topatu ez duelako.

Ondorioz, fakturazioak ere egin du behera: %2 gutxiago da iazko epe berarekin alderatuta. FVEMen aurreikuspenen arabera, litekeena da bigarren seihilekoan «hazkunde arin» bat egotea, baina gaineratu du oraingoz ez dagoela joera sendo bat finkatzeko moduko daturik.

Argi izpi bakarra enplegu datuetan dago. Gizarte Segurantzaren arabera, 1.417 lanpostu berri sortu dira lehen seihilekoan. Baina datu horrek ere badu bere alde iluna. Lanpostu berriak sortzea berez positiboa bada ere, FVEMek dio «langile defizita dagoela»; hots, enpresak arazoak izaten ari direla langileak kontratatzeko. Zehazki, haiek nahi dituztenak topatzeko.

Inkestan parte hartu duten enpresen %52k adierazi dute ez dutela hautagai egokirik aurkitu. 2024an baino hamar puntu gehiago da hori. Langile kualifikatuen gabezia da, FVEMen arabera, sektoreko buruko min nagusietakoa. «Egoera horrek zuzenean eragiten dio sektorearen lehiakortasunari eta jardueraren garapenari», adierazi du San Miguelek.

Hala, beharrezkotzat jo du langile kualifikatuen prestakuntzan inbertitzea, eta enpresen eta hezkuntza sistemaren arteko elkarlana sendotzea. Sektorearen etorkizuna, FVEMeko buruaren arabera, ez dago soilik adierazle ekonomikoen esku: «Talentua erakartzeko eta sektorea egokitzeko gaitasuna izatea funtsezkoa izango da datozen urteetan».

Langile falta horri lotuta, absentismoaren gorakada ere bada sektorearen beste kezketako bat. FVEMen arabera, 2024an absentismo tasa %9,48koa izan zen, aurreko urtekoa baino puntu erdi handiagoa. Eta kalkulatu du horren ondorioz guztira 8,8 milioi lanordu «galdu» zirela iaz, eta horien kostua 251,6 milioi eurokoa izan zela. San Miguelek nabarmendu duenez, absentismoak zuzenean eragiten die produkzioari eta enpresen plangintzari, eta gero eta eragin handiagoa du lehiakortasunean.

Laburbilduz, metalgintzako patronaleko buruak adierazi du, oro har, sektorea gaur egun ez dagoela «kolapsatuta», baina azpimarratu du ez dela susperraldirik egongo «planifikaziorik eta laguntza estrategikorik» gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.