Lan gatazka

Bizkaiko metalgintzan akordiorako oinarria lortu dute, ELA gabe

LABek, CCOOk eta UGTk bertan behera utzi dute bihar hastekoa zen greba, afiliatuek ituna berretsi edo ez erabaki bitartean

Bizkaiko metalgintzako langileek urriaren 4an eginiko manifestazioa, astebeteko grebaren barruan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2019ko azaroaren 26a
20:58
Entzun

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta patronalak akordiorako oinarri bat lortu dute Bizkaiko metalgintzan, baina ELAk ez du sinatu. LABek azaldu duenez, soldatak KPIaren gainetik igotzea adostu dute, hitzarmenaren ultraaktibitatea, neurriak berdintasunaren inguruan, azpikontratazioak arautzea eta prekaritatearen kontrako neurriak. «Denon artean borroka historikoa egin dugu, eta aro berria zabaldu da Bizkaiko metalean, lan arloan eta gizartean», esan du LABek.

Bihar zen hastekoa beste zortzi eguneko grebaldia. Dagoeneko 10 greba egun egin dituzte.

CCOOk azaldu duenez, hitzarmenak hiru urte iraungo du (2021era arte), eta aurten zein datozen bi urteetan KPIa gehi 1,5 igoko dira soldatak. Lan istripuek edo lan gaixotasunek eragindako behin-behineko ezintasuna dela-eta ordaintzen den osagarriaren auzian, 2008-2011ko itunari eustea lortu dute sindikatuek. Patronalak osagaia ordaintzeko denbora mugatu nahi zuen.

Gizonezko eta emakumezko langileen artean dagoen ezberdintasunari aurre egiteko, egoeraren diagnostiko bat egingo dute, soldata arrakala galarazteko neurriak eta genero jazarpen kasuei aurre egiteko protokoloak aztertuko dituzte, besteak beste.

ELAk esan duenez, ordea, itunak «baditu hobetu beharreko kontuak». Akordioa sinatu ez duen sindikatuak «kezkaz» ikusten du «atzera» egin izana aurreko hainbat itunei dagokienez. Proposamena sakon aztertuko du ELAk, eta bere ordezkariekin eztabaidatu du zer egin aurrerantzean. Edonola ere, adierazi du mobilizazioaren eta greben arrakastarengatik lortu dela patronalaren «jarrera aldaketa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.