Bizkaiko Aldundiak errenta aitorpen prozesu osoa digitalizatuko du 2021erako, eta zirriborroa bidaliko die zergadun guztiei. Egun, zergadunen %46k jasotzen dute autolikidazio proposamena. 2018an, 263.000 izan ziren jaso zuten zergadunak, guztira 571.000 zirenean. 2021ean, aldiz, zordun guztiek jasoko dute, eta haien esku egongo da onartu edo osatzea. Agiriren bat faltako balitz, Ogasunak berak jakinaraziko lieke nola osatu. Prozesua arintzeak diru itzulketak aurreratuko ditu, eta apiril amaierarako egin ahal izatea espero dute Ogasuneko arduradunek.
Prozesua Internetez bakarrik egin ahal izango da, webgune edo sakelako aplikazio baten bitartez bakarrik. Hori da beste berritasun handia. Euskal Herrian Bizkaikoa izan da pauso hau eman duen aurreneko Ogasuna. Zordunek posta elektroniko bidez jasoko dute zirriborro osoa, edo laburpen bat posta arruntez, hura onartzeko behar den pasahitzarekin. Asmoa da luzera paperezko jakinarazpenak baztertzea. Ogasuna jakitun da berritasunak zalantza ugari sortuko dituela, eta hainbat langile trebatuko ditu gidatze eta laguntza lanetarako. Besteak beste, horregatik jakinarazi du urte eta erdi lehenago.
Bizkaiko Ogasunak antzeko ereduak aztertu ditu; esaterako, Danimarkakoa. “Ezin da zuzenean estrapolatu, baina han ikusi duten arazo handiena ez da adineko jendeak izan dezakeen arrakala digitala, baizik eta hizkuntza teknikoa. Horretarako, webgune berezi hori ulertzeko erraza izan dadin izaten saiatuko gara”, azaldu du Iñaki Alonso Bizkaiko Ogasuneko zuzendari nagusiak. Webgune hori prestatzen ari dira oraindik. Aldaketa horrekin, esate baterako, banketxeen bitartez aitorpena egiteko aukera desagertuko da, eta haiek ez dituzte jasoko zerbitzu hori emateagatik jasotzen zituzten 1,2 milioi euroak.