Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak manifestaziora deitu du Bilbon astelehen goizerako (12:00). Pentsio duinak eskatuko dituzte, eta adinekoen egoitzak oraindik ez direla leku seguruak salatuko dute Moyua plazan hasi eta Areatzan bukatuko den mobilizazioan. «Segurtasun berme guztiak» errespetatuko dituztela aurreratu dute, eta Ados pentsiodunen elkarteak eginiko kritikari erantzun die Jon Fano mugimenduko kideak: «Mobilizatzean interesik ez zuen kolektibo batekin egin dugu topo, gu kritikatzen saiatzen dira bakarrik. Gutxieneko bat dira, eta aspaldi utzi zioten bilerei joateari».
Pentsiodunek COVID-19ak eragindako konfinamenduaren ondoren antolaturiko lehen mobilizazio handietako bat izango da, eta segurtasun distantziak gordeta eta lau ilaratan banatuta egingo dute protestaldia. «Inork ez du guk baino interes handiagorik gure osasuna defendatzeko», aldarrikatu dute deitzaileek, eta besteak beste horrek eraman ditu mobilizaziora deitzera: «Mendekotasuna duten adinekoen egoitzek leku segurua izaten jarraitzen dute. Langile kopurua handitzea beharrezkoa da prebentzio neurriak betetzeko, eta oraindik ez dute handitu».
Mugimenduko kideek argi dute kalean mobilizatzea dela helburuak lortzeko modu bakarra, eta horregatik eutsi diote urtero Aste Nagusian egin duten mobilizazioari. Legeak horretarako modua duela nabarmendu dute, eta mundu guztia gonbidatu dute. «Gure barne haustura bilatzen duenik badago, baina gure ezaugarri nagusia da mugimendu plurala eta demokratikoa garela. Bultzatzen gaituen gauza bakarra nagusien interesen defentsa da». Ados elkarteak, bere kritikan, MPBko bozeramaileen oihartzun publiko nahia aipatu zuen.