Langabezia

Biztanleria aktiboaren jaitsiera nabarmenak %9,3ra apaldu du Euskal Herriko langabezia tasa

Euskal Herrian 136.300 langabe zeuden irailean, hiru hilabete lehenago baino 9.900 gutxiago.

Langile bat lanean, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko urriaren 25a
14:09
Entzun

Urteko bigarren hiruhilekotik hirugarrenera bitartean 0,55 puntu jaitsi da langabezia tasa Euskal Herrian, %9,8tik %9,3ra. Gaindegiak egin du langabezia tasaren kalkulua, Espainiako INEk eta Frantziako INSEEk egindako neurketak baliatuta. Zazpi lurraldeetan 136.300 langabe zeuden joan den irailean, hiru hilebete lehenago baino 9.900 gutxiago, eta iazko irailean baino 25.200 langabe gutxiago.

Langabezia tasaren jatsieraren arrazoiak aztertzeko unean, Gaindegiak biztanleria aktiboaren jaitsiera seinalatu du. "Herrialde guztietan, langebe kopurua gutxitzearekin batera, gutxitu egin da biztanleria aktiboa ere. Azken urte hauetan gertatzen ari den joera hori nabarmena izan da azken hiruhilekoan: hiruhilabeteko bat lehenago aktibo zeuden 79.300 pertsona ez-aktibo gisa zenbatu ditu INEk Hego Euskal Herrian".

Gaindegiak azaldu du lan egoeraren araberako biztanleria joan-etorriak aldakorrak direla eta fenomeno ugari metatzen direla gorabehera horien atzean. Edonola ere, zehaztu du enplegu sorrera nabarmen ari dela apaltzen langabezia tasa, biztanleria aktiboa gutxitzearen eraginez. "Eskulanaren belaunaldi ordezpaken apalari erantzuten dio, neurri handi batean" (jarraitu irakurtzen irudiaren ondoren).

Bizkaian zenbaki handiena

Lurraldeka, azken hiruhilekoan herrialde guztietan egin du behera langabezia tasak, Gipuzkoan izan ezik —0,20 puntu igo da, INEren arabera—. Hala ere, langabezia tasa txikienen zerrendan Gipuzkoa (%7,75) dago bigarren, Ipar Euskal Herriaren atzetik (%7,56). Araba da hurrena, %7,99ko tasarekin, eta Nafarroa Garaiak %9,65eko tasa dauka. Bizkaia da %10etik gorako langabezia tasa daukan lurralde bakarra, %10,88koa. 

Esan bezala, azken hiruhilekoan 0,55 puntu egin du behera Euskal Herriko langabezia tasak, eta Europako Batasunak aldi berean izandako jaitsiera baino 0,25 puntu handiagoa da. Hala eta guztiz ere, EBko batez besteko langabezia tasa baino 2,7 puntu handiagoa da oraindik ere Euskal Herrikoa. Langabezia handiena daukatenen zerrendan bakarrik hiru herrialde ditu aurretik: Katalunia (%10,6), Espainia (%14,6) eta Grezia (%18,4).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.