Bois et Chiffons ixteak 39 langile kalean utziko ditu Lapurdin

Altzari saltokien kateak diru arazo larriak zituen, eta Baionako merkataritza epaitegiak likidazioa erabaki duEnpresari batek Angeluko denda erosi du, eta lau edo bost lanposturi eutsiko die

Orotara hamabi dendetatik hiruk zabalik segituko dute, tartean Angelukoak. ENEKO ETXEGARAI.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bois et Chiffonsenak egin du. Baionako merkataritza epaitegiak enpresaren likidazioa erabaki zuen atzo, hainbat hilabeteko prozesuaren ostean. Ondorioa: 39 langilek lanpostua galduko dute Lapurdin eta ehun inguru Frantzian. Bois et Chiffons marka ezaguna desagertu egingo da.

Hilabeteak ziren jada altzari denden kateak diru arazo larriak zituela eta ordainketak bermatu ezin zituela. Martxoaren 28an zuzentze judizialean jarri zuten. Epaitegia izan zen. Proposatutako bi berreskuratze planak atzera bota ditu epaitegiak. Magistratuen iritziz, «ez zuten enpresaren biziraupena segurtatzen». Lehen planaren arabera, 57-67 langileren lanpostuei eutsiko zitzaien, eta bigarrenaren arabera 24ri soilik.

Bois et Chiffons enpresak itxi egin beharko du Mugerreko egoitza nagusia. Hala ere, Angelukoak zabalik jarraituko du, Paueko (Frantzia) erosle pribatu batek erosi baitu, 250.000 euroren truke. Lau edo bost lanposturi eutsiko diete bertan. Angelukoaz gain, erosle pribatuek Bois et Chiffonsen bi denda gehiago erosi dituzte, Marseillakoa eta Naonedekoa. Gainerako guztiak itxi egingo dituzte: Bordelekoa, Pauekoa, Akizekoa, Saint-Genevieve-des-Boisekoa, Villeneuve d'Arscqekoa, Saint-Priestekoa, Nizakoa eta Canneskoa. Bois et Chiffons marka eta bere erabilera desagertuko dira, atal judizialean izan ezik.

Zuzentze judizialean jarria izan zenean, enpresako langileek azaldu zuten Mugerreko saltokiak aitzina segitu zezakeela, gaitasuna zutela altzariak lortzeko eta banaketa bermatzeko, «baina Parisko bulegoarekin lotura hautsiz».

Luxat eta Plastitube

Azken hilabete hauetan hainbat dira Ipar Euskal Herrian zailtasunak dituzten enpresak. Horien artean daude Beskoitzen (Lapurdi) kokatua den Luxat enpresak bizi izandako gora beherak. Aurtengo maiatzaren 30ean eman zuen bere deliberoaren berri Baionako MerkataritzaGanberak, eta enpresak funtzionatzen segitu ahal izan zuen, Atelier taldea sortuz. Hala ere, 78 langileetarik 24 kaleratuak izan ziren. Hazparnen(Lapurdi) bertan manifestazio eta mobilizazio ezberdinak egin zituzten langile zein herritarrek.

Baionako Plastitube enpresan, berriz, zain segitzen dute. Bertan 47 lanpostu daude jokoan. Zuzendaritza eta langileriaren artean iskanbilak hasi zirenean, langileek greba mugagabea hasi zuten,FO,CFDT eta CGT sindikatuek deituta. Enpresa horretan jada 2001. urtetik 108 enplegu desagertu ziren. Sindikatuek «deslokalizazioarengatik» zela salatu zuten. Langileriak zuzendaritzari kontraproposamenak egin zizkion. Kontraproposamenak ontzat jo zituen, eta aztertzeko epe bat eskatu zuen. Uztailean eman behar zuten erantzuna; bitartean langileak lanean hasi ziren.

Egoera orokorra

Merkataritza Ganberak Ipar Euskal Herria «krisitik» atera dela adierazi du uda aurreko txostenean. Andre Garreta Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberako presidentearen hitzetan, «krisiaren irteera eta hobetze ekonomikoa sendi da». Hala ere, zenbakiak eskuan jakiterat eman zuten iazko urtean 1.087 enpresa sortu zirela Ipar Euskal Herrian, hau da 2009an baino ehun gutxiago. Sortu bai, baina desagertu ere bai: 528 enpresa desagertu dira guztira urte batez. Lan eskaeraren aldetik azken zenbakiak urtarrilekoak dira eta guztira 17.747 pertsona ari ziren lan bila, iaz baino %5,4 gehiago. Horien artean emakumeak %53 dira; %18,9k 50 urte baino gehiago dute; eta %13,5ek 25 urte baino gutxiago dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.