Jaurlaritzaren asmoa zen gaur bonu jasangarria merkaturatzea, baina operazioan aholkulari dituen bankuek salmenta atzeratzeko eskatu diote, Italiako eta Espainiako "desegonkortasun politikoak" merkatuak nahasi dituelako. Izan ere, joan den astean Gurtel auziaren epaia jakinarazi eta PSOEk Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuaren aurkako zentsura mozioa iragarri zuenetik, gora egin du nabarmen Espainiaren arrisku sariak. Hau da, inbertitzaileek eskatzen duten interesa Espainiaren zorraren truke. Iragan ostegunean 92 puntuko arrisku saria zuen Espainiak —Alemaniaren hamar urteko zorrarekiko aldea—, eta 128 puntuan dago orain.
Italian are gehiago handitu da arrisku saria, Lega Nordek eta M5S taldeek gobernu euroeszeptiko bat osatuko zutela iragarri zutenetik: 131 puntutik, 252ra.
Egoera horretan, bankuek uste dute garesti atera dakiokeela Jaurlaritzari bere bonuak orain saltzea. Hau da, inbertitzaileek interes tasa handiagoak eskatuko dizkiotela zor hori erostearen truke.
Joan den astean aritu zen Pedro Azpiazu Ogasun sailburua Jaurlaritzaren bonu jasangarria saltzen. Parisen, Dusseldorfen, Frankfurten, Madrilen eta Bilbon aurkeztu zituen bonuak. Aste honetan saltzea zen asmoa, eta gaurko data aukeratu zuten. Noiz egingo duten ez dute argitu, Europa Press eta Efe agentzien arabera.
Azpiazuk azaldutakoaren arabera, diruaren %81 (400 milioi inguru) proiektu sozialak finantzatzeko baliatu behar zuen Jaurlaritzak, eta %19, berriz, proiektu "berdeak" finantzatzeko.
Zer dira bonu jasangarriak?
Bonu jasangarriak zorpetze mota berri bat dira. Bonu tradizionalekin gertatzen den bezala, inbertitzaileei eskaintzen zaizkie, interes baten truke finantzaketa eskuratzeko. Bonu horien berezitasuna da diru hori zertarako erabiliko den jakinaraziko dela aldez aurretik, eta zorpetzea atera duen enpresak edo administrazioak xede horiek betetzeko konpromisoa hartzen du. Bonu tradizionalaren parekoa da, finantza ikuspuntu huts batetik, baina erabilera jakin bat izango duela agindutako bermearekin.