Energia

Boroako zentralaren jabegoa aldatuko dute

AEBetako konpainia batek eta Suitzako inbertsio funts batek erosi dute. Shell konpainiak erosten du zentralean produzitutako energia; 2020ra arteko kontratua du.

Boroako zentrala. LUIS TEJIDO (EFE)
jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 12a
12:19
Entzun

Castleton Commodities International konpainia estatubatuarrak eta White Summit Capital Suitzako inbertsio funtsak erosi dute Boroako ziklo konbinatuko zentral termikoa (Zornotza, Bizkaia). Bi enpresek ohar batean jakinarazi dutenez, azpiegituraren %100aren jabe egingo dira datozen hilabeteetan.

2005eko urrian inauguratu zuten, eta ordutik hiru jabe izan ditu. Irlandako ESB Electricity Supply Boardek egin zuen proiektua: eraiki zuen, eta hainbat urtez kudeatu: atzerriko enpresa batek Euskal Herrian inoiz egin duen inbertsiorik handiena izan zen. 2004an, Japoniako Osaka Gas enpresak %50 erosi zuen. 2014az geroztik, Amerikako Estatu Batuetako Arclight Capital Partners konpainiaren esku zegoen, Bizkaia Energia izenarekin.

Shell konpainiak erosten du zentralean produzitutako energia; 2020ra arteko kontratua du. Plantak orduko 786 megawatt sortzeko ahalmena dauka, eta, erosleek azpimarratu dutenez, “Iberiar penintsulako zentralik eraginkorrenetako bat da”.

Eraiki aurretik, eta martxan denetik igarotako hamalau urteetan, ugariak izan dira zentralaren kontrako protestak. 2002an eginiko herri galdeketan, Zornotzarren %43k eman zuten botoa, eta boto emaileen %98k ezetz esan zioten egitasmoari. Eusko Jaurlaritzak eta ESB enpresak galdeketaren emaitza errespetatuko zutela esan arren, egitasmoak aurrera jarraitu zuen.

Krisian

Ziklo konbinatuko plantak Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren apustua izan ziren 2000ko hamarkadan. Nafarroan, Castejongo bi plantak eraiki zituzten, eta Bizkaian, Santurtzikoa, Zierbenakoa eta Zornotzakoa.

Azken hamarkadan nabarmen urritu zaie ekoizpena, eta egoera zaila dute. Espainiako Estatuko ziklo konbinatuko plantek orduko 95.000 gigawatt ekoizten zituzten 2008an, eta 25.000 inguru baino ez 2015ean. Planta horien bidez aurreikusten da sare elektrikoaren kontsumoaren %35 asetzea, baina %10 baino ez dute egiten. Ikatzezko zentral termikoek hartu diete gaina, ekoizpena merkeagoa dutelako, nahiz eta kutsatzaileagoak diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.