Bortzirietako alkateek Roigi ohartarazi diote Funvera «laborategi proba» dela

Lan kontseilariarekin izandako bileran Funveraren atzetik enpresa gehiago etor daitezkeela iragarri dute

joxerra senar
Iruñea
2009ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
«Sakanarekin batera, Nafarroako eskualde zigortuena da gurea». Bortzirietako alkateak kezkatuta daude krisi ekonomikoaren ondorioekin. Bortzirietako enpresa handienetako langileak -hala nola Savera, Funvera, Arcelor eta Condesa- behin-behineko lan erregulazioan daude. Azaroaren 28an, gainera, Funverako zuzendaritzak 55 langile kaleratzeko beste espediente bat aurkeztu zuen. Patxiku Irisarri Etxalarko alkatearen aburuz, uneotan Funvera «laborategi proba bat da», eta zuzendaritzak aurkeztutako espedientea onartzen badu Nafarroako Gobernuak «atzetik enpresa gehiago» etorriko direla ohartarazi du.

Eskualdearen zein Funverarenegoeraren berri eman eta erregulazio hori ez sinatzeko mezua helarazi zioten atzo zuzenean Jose Maria Roig Nafarroako Lan kontseilariari. Funverako langileekin batera Nafarroako Lan Departamendura joan ziren atzo Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea, Josu Irazoki Berako alkatea, Pako Errandonea Sunbillako alkatea eta Ricardo Sagaseta Donamariako alkatea.

Irisarriren arabera, Roigek jakinarazi die kontsulta epea asteazkenean amaituko dela eta ondoren erabakiko dutela zer egin espediente horrekin: «Ez dugu inolako konpromisorik lortu. Erran digu araudi bat dagoela, eta baiezkoa edo ezezkoa txosteneko datuen arabera emango dutela».

Bilera osteko adierazpen publikoan, Irisarrik gogoan hartu du1994an Nafarroako Gobernuak enpresa erosi zuela itxiera galarazteko. Ondoren, 1999an, exekutiboak 3 milioi euro jarri zituen zorrak kitatu, kapitala handitu eta akzioen %51 Saverari saltzeko. 2007an, gainontzeko partaidetza saldu zion. Hala, azken urteetan Funverak irabaziak pilatu ditu, eta, 2008ko abenduaren 31eko datuen arabera, 15,1 milioi euroko baliabide propioak ditu enpresak. «Diru horrekin aurre egin ahal dio dituen langile guztiei».

Era berean, Irisarrik azpimarratu du langileek bere aldetik «nahiko» jarri dutela. Batetik, soldatak izoztu egin dituzte. Gainera, iazko azarotik behin-behineko bi espediente aurkeztu dizkiete: bata 55 egunekoa eta bestea 195 egunekoa. Hala, urteotan pilatutako langabezia sariaren zati handi bat agortu dute, eta egoera horretan, enpresak orain 55 langile kaleratzeko proposamena aurkeztu du.

«Langileak ahalegina egiten ari dira, eta enpresa ez da ari egiten egin behar zuena», kritikatu du Irisarrik, eta kaleratzerik ez onartzeko galdegin dio Roigi. Enpresak ez duela arazo ekonomikorik argudiatu diote kontseilariari. «Enpresak bereari eusten dio, eta negoziazioetan kaleratzearen aukera ez du alboratu».

Alkateek, gainera, eskualdearen argazki orokorra deskribatu diote Roigi. Azaroko datuen arabera, 1.053 herritar zeuden lanik gabe, iaz baino 263 gehiago. Gainera, 1.728 langile behin-behineko erregulazio baten barruan daude eta 222 langabezian daude.

Abenduaren 26an martxa

Abenduaren 2tik Funverako 142 langileak greba mugagabean dira. Hurrengo egunetan itxialdi bat hasiko dute. Bortzirietako alkateek eureen babes osoa agertu diete, eta iragarri dute laster deialdi zabala egingo dutela langileei atxikimendua eta elkartasuna adierazteko. Gainera, abenduaren 26an, martxa bat egingo dute Condesa enpresatik Berara arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.