Bosgarren saritan

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Ez zen Gordo-rik egokitu burtsan. AEBetako bigarren eskuko etxebizitzen salmenta datua uste baino hobea izan zen eta bosgarren saritzat jo liteke. 12.000 puntuei so paratu da Ibex-35 (+%0,51), nahiz 1.671 milioiren salerosketa baino ez zen izan; urte amaierako nekea, akaso. Finantza sektoreak Europan baino portaera hobea erakutsi zuen gurean, bai Bankinterren (+%1,89) kasuan, bai %0,7tik gora irabazi zuten bi banku handienen kasuan. %3na pasa irabazi zuten Grifols eta Tecnicas Reunidasez harago, Iberia (-%2,05) baino ez zen nabarmendu galeretan; Sacyr(-%0,5) urrutitik so zuela. Sari potolotzat jo liteke Moody's rating etxeak Greziari bere zorraren kalitatea maila bakarrean jaistea, Fitch eta S&P etxeak baino ulerkoiago. Urtearekin, berriak eta gorabeherak ahitzen joango diren ustea dabil, baina Fitch agentziak politika fiskal sinesgarriagoa eskatu dio Espainiari eta hori sari bat eskatzea bezala izan liteke.



Criteria (+%0,3), Santander (+%0,7) eta Lazaren kontseiluetan zituen postuei uko egin behar izan die Rodrigo Ratok, NDFko buru ohi eta Espainiako ekonomia ministro ohiak, CajaMadrid kutxaren buru izateko bidean.



Eroskik 1.705 eta Iberdrolak (+%0,83) 3.000 milioiren zorrak birnegoziatu dituzte hartzekodun dituzten dozena luze bankuekin. Argindar enpresaren kasuan, zor jaulkipenak eta kapital hedatzeak baliatu ditu, finantza egoera sendotzeko asmotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.