Lanak egingo direla bermatuta dagoen arren, bost urte itxaron beharko dira horretarako. Orain dela gutxi egin zen 2015 arteko asmoen akordioa. Arrangoitze (Lapurdi) eta Coudures (Landak, Frantzia) lotuko dituen zatia garatzea eta Irun inguruan konpresio estazioa egitea onartu ziren -oraindik ez da jakin Naturgasek edo beste konpainiaren batek egingo duen-.Horiek gauzatutakoan urtean 2bcm gas natural garraiatu ahal izango dira.
Euskadour gasbideak Bilboko portuko gas instalazioak Lussagneteko lurrazpiko gordailuekin lotuko ditu. Guztira, 318 kilometrokoa izango da, eta 240 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa izango du. Bigarrenfasea da atzo inauguratutakoa. Lehena 2006an amaitu zuten, eta Irun eta Arrangoitze lotzen ditu. 28 kilometro dauzka eta 21milioi euroko inbertsioa. 90 kilometrokoa da bigarren fasea. Hiru zatitan egin dute: Bergara eta Zaldibia artekoa egin zuten aurrena, Zaldibia eta Villabona artekoa gero; eta azkenik, Villabona eta Irun lotzen dituena. Guztira, 70 milioi euro inbertitu dituzte, eta hiru urte behar izan dira lanak amaitzeko.
Bergara eta Irun arteko gasbidearen bikoizketa Naturgas energiak orain arte egin duen lanik handiena da. Lehengo sarearen paraleloan egin dute, baina haren gaitasun bikoitza baino gehiago du, egunean 10 GWh-koa. Hirugarren fasea Arrangoitze eta Coudures artekoa da. Laugarren bat ere badagoproiektuan, Lemoa eta Arrigorriaga artekoa, baina beharren arabera erabakiko da egin edo ez.
Politikariak inaugurazioan
Joao Manso EDP Gas-eko presidenteak -EDP taldearen HC Energiaren barruan dago Naturgas-, Manuel Menendez Naturgas Energiako presidenteak eta Fernando Bergasa konpainiako kontseilari ordezkariak aurkeztu zuten gasbidearen bikoizketa atzo, Irungo Ficoban egindako prentsaurrekoan. Era berean, inaugurazioan izan ziren Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, Pedro Luis Marin Energia ministerioko estatu idazkaria, Maria Teresa Costa Espainiako Energia batzordeko presidentea eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea.
«Eskualdeko ekonomiaren etorkizuna bermatzeko oinarrizko pieza izango da azpiegitura berria», esan zuen Bergarak. Haren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako energia eta industria proiektu garrantzitsuei babes handia emango die gasbideak. Horrez gain, Europarako erreferente izango dela gaineratu du, «elkarkonexioen beharrean dagoelako».
Euskadour bukatu eta martxan jartzen dutenean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek beren etxeetan Europa iparraldetik datorren gas naturala kontsumitzeko modua izango dute, eta Ipar Euskal Herriko eta Frantziako biztanleek Bilboko portura sartzen dena. Izan ere, gasa noranzko batean zein bestean garraiatu ahal izango da hoditeria berriarekin. Gasbide gehienek soilik noranzko batean garraiatzeko aukera ematen dute. Lussagneteko gordailuak eguneko 20 milioi metro gas ponpatzen ditu. Han gordetzen den gasa Norvegia, Errusia, Aljeria edo Nigeriatik erositakoa izaten da.
Konplexutasun «handia»
Naturgaseko ordezkariek azaldu dutenez, konplexutasun handia izan dute obrek. Zailtasun handiena desnibela izan da, trazatu osoaren %10ean %40tik gorakoa izan delako. Guztira, 1.900 kiloko zazpi mila hodi soldatu erabili dituzte, eta 300.000 metro kubiko harri eta lur hondeatu dira. 37 herritatik pasatzen da Bergara eta Irun arteko gasbidea, eta 900 jabe pribaturi eragin die. Naturgasek nabarmendu du haietako %95ek sinatu dutela ados daudela erakusten duen akta.
Gas naturalaren kontsumoa azkar eta asko hazi da azken urteotan, eta aurrerantzean ere joera hori izango dela nagusi uste dute ekoizle eta merkaturatzaileek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren ia erdia gas naturala da.
Datuak
BERGARA-IRUN GASBIDEALuzera. 90 kilometro: 30 kilometro Bergara eta Zaldibia artean, 25 kilometro Zaldibia eta Villabona artean eta 35 kilometro Villabona eta Irun artean.
Langileak. 300 obraren fase bakoitzean.
Inbertsioa. 70 milioi: Bergara eta Zaldibia artekoak 21 milioi, Zaldibi eta Villabona artekoak 21 milioi eta Villabona eta Irun artekoak 28 milioi.
Hodien diametroa. 26 hazbete, 66 zentimetro.
Desnibela. %40tik gorakoa proiektuaren %10ean.
Herriak. 37 herritatik pasatzen da gasbidea.
Kalteak. 900 jabe partikularri eragin diete lanek; horietatik %95ek sinatu dituzte ados daudela adierazten duten aktak.
Ingurumena. 370.000 metro koadroko azalera birlandatu da, 60 futbol zelairen inguruko tamaina, eta 1.600 zuhaitz birlandatu dira ibaien gurutzaguneetan.