Ustelkeria

Bravok adierazi du Glas Costak baldintza guztiak betetzen zituela Gipuzkoako araudiaz baliatzeko

Enpresa kataluniarrari erregimen berezia ezartzeko baimena sinatu zuen arren, Bravok ziurtatu du ez zuela enpresaren eskariaren berri.

Victor Bravo EAJko senatari ohia, gaur, Donostiako Justizia Auzitegira bidean. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko irailaren 17a
09:19
Entzun

Glass auziko epaiketaren lehen saioan, epaimahaiaren aurrean deklaratu du Victor Bravo Gipuzkoako Ogasun zuzendari eta EAJko senatari izandakoak. Fiskaltzak leporatzen dio, Glass Costa Este Salou enpresako administrari ohi batekin elkarlanean, plan bat osatzea enpresa hark Ogasunari zegokion baino gutxiago ordaintzeko. Bravok adierazi du enpresak legezko baldintza guztiak betetzen zituela Gipuzkoako araudiari lotzeko. Haren esanetan, enpresaren "egoitza eraginkorra" eta haren "higiezin guztiak" Gipuzkoan zeuden, eta, beraz, ez zen era iruzurtian baliatu lurralde historikoko foru erregimenaz. Donostiako Lehenengo Zigor Epaitegian egin ditu adierazpen horiek. Bravo abokatua da, eta bere burua defendatzea erabaki du. Ostegunera arte iraungo du epaiketak.

Fiskaltzak Ogasunaren kontrako hiru delituren ardura leporatzen die Bravori eta Glass Costa Este Salou enpresako bigarren administrari izandakoari. Bi auzipetuentzako sei urteko espetxe zigorra eta 1,4 milioi euroko kalte-ordaina galdegin du. Fiskaltzak salatu duenez, Glass Costak Enpresak Sustatzeko Sozietateentzat 1996an sortutako zerga erregimen berezia baliatu zuen 2003 eta 2006 artean, egoitza fiskala Gipuzkoan ezarriz, nahiz eta Gipuzkoan jarduerarik ez izan. Cambrilsen (Tarragona, Herrialde Katalanak) zeukan jarduera nagusia hotelen eta higiezinen negozioan aritzen den enpresak.

Espainiako Estatuaren abokatua harago doa. Fiskaltzak bezala, hiru delitu fiskal egozten dizkie auzipetuei, baina erantzukizunarekin bat, zigor handiagoak eskatu ditu: bederatzi urteko espetxea, eta 1,8 milioi euro. Izan ere, haren arabera, Bravok berak agindu zuen Glass Costa Enpresak Sustatzeko Sozietate gisa onartzea, "nahiz eta, hori baino lehentxeago, enpresaren zati bat eskuratu zuen". Gipuzkoako Ogasunari ordaindu beharrean, diru hori Espainiako Ogasunari itzuli behar diotela adierazi du.

Gipuzkoako erregimen bereziaz baliatzeko, enpresak eskaria aurkeztu behar du Ogasunean, eta hark aztertu behar du eskatzaileek baldintzak betetzen dituzten ala ez. Glass Costa enpresaren kasuan, Bravok sinatu zuen hura erregimen berezian onartzeko baimena. Senatari ohiak %6,66ko partaidetza zuen Glass Costa enpresan. Interes gatazkak medio, baimena aztertzeari uko egin beharko zion, Fiskaltzaren iritziz. Hala ez egin izanaren arrazoiaz galdetuta, Bravok erantzun du ez zuela enpresaren eskariaren berri.

Halaber, ziurtatu du ez zuela idatzi erregimen bereziaren araudia, egiteko hori ez zegoelako Ogasun zuzendari gisa zituen arduren artean. Horrez gain, EAJko senatari ohiak azaldu du lagun minak zirelako utzi ziola administrari ohiari bere etxean aldi baterako bizitzen, eta ukatu egin du Glass Costari "gezurrezko helbide" bat errazteko egin izana. Bravok nabarmendu du ez duela inolako eraginik izan Glass Costa enpresaren erabakietan, ez duelako inoiz ardura kargurik izan bertan.

Enpresen Sustapenerako Sozietateen erregimenak zerga abantaila erakargarriak eskaintzen zizkien enpresen kapitaletan parte hartzen zuten sozietateei. Kopuru hori hiru milioi eurotik gorakoa zenean, %1eko tipoa ezartzen zitzaien Sozietateen Gaineko Zergan —gainerako enpresei %28koa ezantzen zitzaien, eta %24koa enpresa txiki eta ertainei—. Arau hori 1996tik egon zen indarrean, eta 2013an indargabetu zen Gipuzkoan. Gipuzkoako Batzar Nagusiek figura horren gaineko ikerketa abiatu zuten, Glass auziaren harira. Ondorioen txostenak zalantzan jarri zuen arau horren enpresa berrien eratzea sustatzen zuela. Aldiz, argi mintzatu zen haren gardentasun eta kontrol faltari buruz. Gipuzkoak 2013an indargabetu zuen erregimen berezia.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.