Brent upela ehun dolarren bueltan zebilen azken asteetan, eta Egiptoren etorkizunari buruzko zalantzek ehun dolarreko langa gaindiarazi dute. Brent petrolioaren upela, Europako erreferentzia, 101,19 dolarren saldu zuten atzo Londresko ICE merkatuan, ostiralean baino 0,83 dolar gehiago. Dena den, eguna ehun dolarren azpitik amaitu zuen, 99,96 dolarrean. Brent upelak ez zituen ehun dolarrak gainditu 2008ko urritik. 2008ko uztailaren 11n 147,50 dolarrera iritsi zen.
Berez, Egiptoko egoerak ez du eragin zuzenik Brent upelean, petrolio hori Ipar Itsasotik ateratzen baita. Baina Egiptoko liskarrek petrolio ekoizpenari buruzko zalantzak sortu dituzte. Egipto ez da petrolio ekoizle handia, baina bere lurretatik pasatzen da beste herrialde batzuek ekoiztutakoa, bai Suezko kanaletik (munduko ekoizpenaren %2), bai Sumed oliobidetik (Itsaso Gorria eta Mediterraneoa lotzen ditu).
Tunisiako eta Egiptoko matxinadak Ekialde Hurbileko herrialde petrolio ekoizleetara zabaltzeko beldurra dute merkatuek. Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean ekoizten da munduko petrolioaren herena baino gehiago. LPEEk esan du ekoizpena handituko duela merkatuan petrolioa falta bada.
Brent upela 101 dolarretik gora dago, Egiptoko zalantzek bultzatuta
Europan erreferentzia den petrolioaren upelak 2008ko urritik izan duen preziorik garestiena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu