Ia 37 dolarretan kotizatzen hasi da gaur goizean Europarentzat erreferentziazko den petrolio upela, eta atzo galdutakoaren zati bat behintzat berreskuratzeko bidean dago. Edonola ere, koronabirusak zartatu egin du petrolioaren merkatua. Epidemia kontrolatzeko neurriek eta aire trafikoaren jaitsierak kontsumoa jaitsi dute, eta, ondorioz, merkatu egin dute urre beltzaren prezioa. Une hori baliatu dute ekoizle nagusiek beren kuotak handitu eta lehiakideak merkatutik kanporatzen saiatzeko. Saudi Arabiak Errusia zigortu nahi du bere estrategiari ez jarraitzeagatik, eta Errusiak aukera baliatu nahi du AEBetako fracking bidezko ekoizleak hondoratzeko. Ondorioz, Brent upela %25 inguru merkatu zen atzo: jaitsierarik handiena azken 30 urteetan, golkoko gerraz geroztik handiena. Eta, haren atzetik, burtsak, koronabirusak ekonomian eragin ditzakeen kalte izugarrien beldur.
ZER ARI DA GERTATZEN?
Urtarrilean, hainbat hilabetez nahiko egonkor egon ondoren, merkatzen hasi zen petrolioaren prezioa, merkatuak ohartu zirenean Txinan kontsumoa derrigorrean jaitsiko zela, koronabirusaren hedapena kontrolatzeko neurri gogorren ondorioz. Europan erreferentzia gisa baliatzen den petrolioa, Brent upela, 65 dolarrean salerosten zen ordu arte, eta 55 dolarrera igaro zen; horrek kareletik behera bota zituen ekoizle nagusiek azken hiru urteetan prezioari eusteko egindako ahaleginak. Abenduan, esaterako, 2,1 milioi upel kendu zituen merkatutik LPEE+ izeneko taldeak, hots, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak, Errusiak eta beste ekoizle batzuek sortutakoak.
Martxoa hasi eta epidemia Europara eta AEBetara ere hedatzen ari dela ikusita, iturria gehiago ixtea proposatu zuen LPPEk, Saudi Arabiaren gidaritzapean. Zehazki, LPEE prest zegoen milioi bat kentzeko merkatutik, baina nahi zuen Errusiak eta besteek beste milioi erdia kentzea. Moskuk, ordea, ezezkoa eman zuen.
ZERGATIK ESAN DU EZETZ ERRUSIAK?
Errusiako Gobernuaren iritziz, petrolio merkea aukera ona da azken urteetan agertu zaion lehiakide bat gainetik kentzeko: AEBetako fracking industria. Argudiatzen duenez —eta ez zaio arrazoirik falta—, 2016az geroztik LPEE+ taldeak ekoizpena kontrolatzeko neurri guztiek eragin mugatua izan dute, haiek murriztutakoa bete egiten zutelako haustura hidraulikoaren bidez ateratakoarekin. Haien eskutik, AEBak munduko ekoizleetan handiena bilakatu dira —12,2 milioi upel egunero iaz—; lehen, inportatu egiten zuten, baina, aurten, milioi bat esportatzen dute. Eta estatubatuarrek irabazitako merkatua beste batzuek galdu dute.
LORTUKO AL DUTE ERRUSIAK AEB-ETAKOAK ITOTZEA?
Ez dago garbi. 2014-2016 epean ere saiatu zen LPEE estatubatuarra merkatutik petrolio merkearekin ateratzen, baina ez zuen lortu. Hondoratu zituen enpresa batzuk, baina gehienek eutsi egin zioten, aurrerakuntza teknologikoei esker gastuak txikitzea lortu zutelako. Baina orain egoera arriskutsuagoa da AEBetako ekoizleentzat, zor handiak pilatu baitituzte —75.000 milioi dolar ordaindu behar dituzte hurrengo lau urteetan—, eta, diru asko xahutu dutenez, kostatuko baitzaie finantzaketa gehiago lortzen. 50 dolarretik beherako upelarekin, fracking bidezko putzu gutxi izango dira errentagarriak, baina egia da ekoizle askok prezio handiagoa bermatua dutela finantza produktuen bidez. Hau da, ez dute bat-batean porrot egingo.
NOLA ERANTZUN DIO LPEE-K ERRUSIAREN ERABAKIARI?
LPEEz baino gehiago, Saudi Arabiaz hitz egin beharra dago, hura baita karteleko nagusia, eta, ekoizpen guztia Saudi Aramco enpresa publikoaren esku duenez, nahierara joka baitezake bere hobiekin. Moskuren erronkari beste erronka batekin erantzun dio Saudi Arabiak, bere bideari segitu ez ziolako haserre, nahiz eta haren bizkar geratu diren azken urteotako ahalegin gehienak; iazko murrizketen %65 Saudi Arabiak egin zituen, eta Errusiak, %14 baizik ez. Horrela, igandean iragarri zuen ekoizpena handitu egingo duela, eta merkeago saltzeko prest dagoela. Ondorioa? Are gehiago merkatu da petrolioa. Ostiralean, merkatuak ixtean, Brent upel batek 45 dolar balio zuen; atzo goizean, merkatuak irekitzean, 33 dolarrean salerosi zen. Jaitsiera %25tik gorakoa zen, handiena 1991z geroztik. Egunak aurrera egin ahala, balio pixka bat berreskuratu zuen, eta iluntzean 35 dolarrean zegoen, %20 galdu ondoren.
FUNTZIONATUKO DU RIAD-EN ERABAKIAK?
Saudi Arabiaren helburua bada Errusia berriro negoziazio mahaira itzultzea, zail izango du, Vladimir Putin ez baita presiopean amore emateko zalea. Baina Putinek badu arazo bat: petrolio garestiagoa behar du agindutako inbertsioak egiteko eta boterean oposizio handirik gabe jarraitu ahal izateko. Edonola ere, azken urteetan 110.000 milioi euro bildu ahal izan ditu Errusiak petrolioak eta gasak hornitutako funts subirano batean.
ZER GERTATUKO DA KONTSUMOAREKIN?
IEA Energiaren Nazioarteko Erakundeak atzo zabaldutako txostenaren arabera, litekeena da aurten petrolio kontsumoa jaistea, lehen aldiz azken hamarkadan. Bi dira arrazoi nagusiak: Txinaren beherakada —haren hazkunde ekonomiko handiaren ondorioa da eskari berriaren %80—, eta birusari aurre egiteko neurriak garraioa eta merkataritza txikitzen ari direla. Datu zehatzak emateko goizegi dela onartu du IEAk, baina kalkulatu du urteko lehen hiruhilekoan 2,5 milioi upel gutxiago kontsumitu direla egunero. Gobernuek hartutako erabakiek baldintzatuko dute petrolioaren prezioaren bilakaera, IEAk uste duenez. Orain sinesgarrien dirudien egoeraren arabera, martxoaren amaierarako COVID-19aren hedapena kontrolatuta egongo da Txinan, baina zabaltze fasean izango da Europan, Iranen, Korean, Japonian eta AEBetan.
ETA BURTSAK, ZER?
Petrolioa amiltzearen eragina burtsetara hedatu zen atzo. Nikkeik %5 galdu zuen, eta haren atzetik joan ziren Europako burtsak ere: %8,4 galdu zuen Eurostoxxek, %7,9 Frankfurteko Daxek eta Madrilgo Ibexek, 4,1 Parisko CACek...
Petrolio konpainiek galdu zuten balio gehien: %29,8 ENIk, %19,5 BPk, %17,6 Shellek, %16,6 Totalek, %16,5 Galpek, eta %15,1 Repsolek.