LAB sindikatuak soldata arrakala salatzeko ekintza bat egin du Donostiako Bretxa merkatuan. Soldata arrakalaren aurka, borrokatu zioen pankarta erraldoi bat eskegi dute teilatutik, eta kolore moreko ke poteak ireki dituzte. Sindikatuko hainbat kidek eskaera bera zuten afixak atera dituzte, eta «patronalei» eta «erakundeei» egotzi diete arrakalaren errua.
Otsailaren 22a soldata arrakalaren aurkako nazioarteko eguna da, eta LABek protesta ekintzak egin ditu Iruñean eta Donostian. Iruñean, elkarretaratze bat egin du Merindadeen plazan; Donostian, berriz, ekintza ikusgarriagoa egin dute. Bertaraturikoek salatu dute emakumeen lana gutxietsia dela, eta arrakala egiturazko arazoa dela. Salatu dute ikerketa ofizialek ez dutela «benetako» daturik ematen: «Gaur egun, Euskal Herrian ez da soldata berdina kobratzen balio bereko lana egin arren; sexuaren arabera desberdina da».

Emakumeek egiten dituzten lan prekario asko zaintzari lotuta daudela nabarmendu dute protestetan, eta hori dela arrakalaren «gakoetako» bat: «Ez zaio balio bera ematen pertsonak zaintzeari eta gurpilak ekoizteari», arbuiatu dute. Zaintza lanak gutxietsiak daudela esan dute, hala sozialki nola ekonomikoki, eta emakumeei esker eusten zaiela.
Are gehiago, zaintzaile lana enpleguaren eremutik harago doala nabarmendu dute, eta horrek ere eragin zuzena duela arrakalan: «Zaintza ardurek enplegu prekarioagoak (lanaldi partzialak...) onartu behar izatera garamatzate; adibidez, ostalaritzan edo jangeletan; eta baita zaintza baimenak edo zaintza lanetarako jardunaldi murrizketak hartzera ere. Horrek gero penalizazioak dakartza emakumeentzat».
Soldata arrakala amaitzeko LAB-en eskaerak
Zaintza lanak era justu batean banatu eta baloratzea.
Zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzea.
Sexuaren araberako lan banaketa amaitzea eta lan eta enplegu guztiei balioa handitzea.
Hitzarmen kolektiboetan lanpostuen balorazio feministak sartzea.
Lanaldia murriztea, soldata txikitu gabe: zaintzeko denborak bermatzea.
'Zor patriarkalaren' zuzenketa faktorea aplikatzea akordio eta kontratuetan.
Zaintza sektoreko lan baldintzak hobetzea.