'Brexit'-aren negoziazioak ez dituzte etengo

Adostutako egutegiari eutsiko diote, baina bideokonferentzia bidez egingo dituzte bilerak. Uztaila baino lehen arrantzari buruzko akordioa ixtea espero dute. Urtea amaitu arteko epea dute akordio osoa amaitzeko. Londresek berretsi du ez duela luzapenik nahi.

David Frost Erresuma Batuko delegazioaren burua eta Michel Barnier Europako Batasunarena. OLIVIER HOSLET (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 15a
19:56
Entzun

Europako Batasunak (EB) eta Erresuma Batuak brexit-aren negoziazioetan jarraituko dute apirilean, maiatzean eta ekainean, adostuta zeukaten moduan. Baina bideokonferentzia bidez egingo dituzte bilerak, koronabirusa dela-eta.

Egutegi estua dute, adostutako epemugak bete nahi badituzte. Michel Barnier EBko negoziazio buruak, COVID-19aren krisia hasi aurretik, ohartarazi zuen oso zaila izango zela akordio integral bat lortzea urtea bukatu baino lehen, trantsizio aldia amaitzen denean. Martxoan hasi zituzten elkarrizketak.

Asteazken honetan kaleratutako komunikatu bateratu batean, EBk eta Erresuma Batuak jakitera eman dute lehenengo bilera apirilaren 20an egingo dutela; bigarrena, maiatzaren 11n; eta hirugarrena, ekainaren 1ean.

Erresuma Batua urtarrilaren 31n irten zen EBtik, baina hamaika hilabeteko trantsizio epe bat adostu zuten hori benetan gauzatzeko. Bitartean, EBko legedia aplikatzen dute oraindik Erresuma Batuan.

Uztaila baino lehen, Londresek Europako hogeita zazpi herrialdeei eskatu ahal die aldi iragankor hori urtebetez edo bi urtez luzatzeko, 2021 edo 2022 amaierara arte, baina oraingoz Boris Johnsonen gobernuak baztertu egin du aukera hori.

Europako Batasunak ezarritako lehen helburuen artean dago Londresekin uztailerako arrantza akordioa ixtea. Era berean, irteera hitzarmena itxi nahi du urtea amaitu baino lehen, Ipar Irlandari eta alde bietako herritarren eskubideei buruzko protokoloari buruzko akordioak barne. Atzerri eta segurtasun politika eta beste gai batzuk ere biltzen dituen akordio zabalago bat proposatu du EBk. Eta harremanak arautzeko eta ika-mikak konpontzeko, gobernu egitura izango lukeen organo bat; Londresek, baina, ez du halakorik nahi.

Negoziazioetan, bere lehentasunen artean ditu EBrekin merkataritza akordio bat lortzea, trantsizio aldia amaitu ondoren ondasunei muga zergak ezartzea eragozteko. Halaber, lankidetza nahi du aireko garraioan. Azken astean beste proposamen batzuk bidali dizkio EBri, zigor justiziako lankidetzari eta energiari buruzkoak, besteak beste.

Gaurko bilera amaitzean, Barnierrek idatzi du ona dela negoziazioetan jarraitzea, eta nabarmendu du «benetakoa eta ukitzeko modukoa den aurrerabide bat» nahi duela ekainerako, negoziatzen ari diren «arlo guztietan aurrera egiteko». «Biok aurrerapausoak egiteko irrikan gaude», erantzun du Frostek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.