Danbor hotsak Sole Handian

'Brexit'-aren aldekoen aldarrikapen nagusietako bat izan da uren gaineko kontrola berreskuratzea. Boris Johnson lehen ministroak Norvegiako eredua proposatu du, baina Europako Batasunak orain arteko moduan jarraitu nahi du. Uztailera arteko epea dute akordio bat lotzeko. Infografia, albistean.

GORKA RUBIO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko otsailak 11

Ingalaterrako labarrak ikusten badituzu, euria etorriko delako; eta ez badituzu ikusten, gainean duzulako». Normandiako arrantzaleek esaera zahar horrekin azaltzen dute brexit-a dela-eta Mantxako kanalaren bestaldetik etor dakiekeena. Ez dute ezer onik espero. Haientzat, mehatxu eta amesgaizto bihurtu da Erresuma Batuak Europako Batasuna uzteko erabakia; haientzat, eta Atlantikoko herrialde guztietako arrantzaleentzat.

Ingalaterrako eta Eskoziako arrantzalekuak —Sole Handikoak, Rockallekoak eta Mantxako kanalekoak— dira Europa osoko oparoenak; Europako Batasuneko ontziek han egiten dituzte harrapaketa gehienak. Eta ziurtatu nahi dute ur horietan dituzten arrantza eskubideak ez dituztela galduko. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, baina, danbor hotsak sortu ditu negoziazioaren atarian; berriz ere esan du bere asmoa dela «berreskuratzea» Ingalaterrako eta Eskoziako uren «kontrol osoa».

EBrentzat, Erresuma Batuarekin etorkizunean izan nahi dituen harremanen negoziazioetan dena dago lotuta. Eta estatu kideak beldur dira arrantzaren ingurukoak ez ote dituen besteak nahastuko. Elkarrizketa prozesu luze batek ez lioke inori mesederik egingo, baina oso zaila izan daiteke hori saihestea, Erresuma Batuak eta EBk kontrako jarrerak baitituzte, eta maniobrarako tarte eta denbora gutxi.

Izan ere, bost hilabete baino ez dituzte arrantza eskubideei buruzko akordio bat egiteko. Johnsonek eta EBko buruzagiek uztailaren 1era arteko epea jarri dute. Akordiorik gabe, EBko ontziek Ingalaterra eta Eskoziako uretarako sarbidea galduko lukete urte honen amaieran.

EBko kideek jarrera bateratua dute: uretarako eta arrantza- baliabideetarako sarbidea egun dagoen moduan mantendu nahi dute. Bruselak ohartarazi du Erresuma Batuak bere uretarako sarbidea murrizteko hartzen duen edozein erabakiri «erantzun gogor bat» emango diola.

Gaur-gaurkoz hipotesi bat baino ez da, baina Londresko gobernuak urak itxiz gero, Ingalaterra eta Eskoziako arrantzaleek galdu egin ditzakete hainbeste behar dituzten Europako merkatuetara sartzeko eskubideak. Horrek, baina, beste alor batzuetako merkataritza negoziazioak oztopa litzake, eta areagotu 2020aren amaieran brexit-ari buruzko akordiorik ez egoteko aukerak. Eta Europak ez du hori nahi. Negoziazioak hasi baino ez dira egin.

Esportazioak gako

Egun, EBko arrantza flotek sarbidea dute besteen uretara —EEZ edo Eremu Esklusiboko Uretan—, kostaldetik kanpoko lehen hamabi itsas milien salbuespenarekin. Hortik aurrera, EBk urteko kuota batzuk ezartzen ditu herrialde bakoitzerako. Erresuma Batuaren eta EBren artean akordiorik ez balego, muga hori 200 itsas miliatara hedatuko litzateke. Britainia Handiko uretan Europako dietako oinarrizko elikagai ugari daude: berdela, zapoak, mihi arrainak sardinzarra eta itsaskiak.

Erresuma Batuarentzat, brexit-ak esan nahi du Europako arrantza politika bateratutik ihes egitea. Banantzearen aldekoek boto ugari jaso zituzten kostaldeko arrantzale komunitateetan. Besteak beste, argudiatu zuten gobernuak sektore hori «sakrifikatu» egin zuela 1973. urtean, Europako batasun ekonomikoan sartzeko. Ordutik, sektorea burua altxatu ezinda dabil, eta azken hogei urteak oso gogorrak izan dira. «Hori zuzendu nahi dugu orain: 70eko hamarkadan eta gerora arrantza eskubideak trukatu ziren bezala ez trukatzea ziurtatuko dugu», adierazi du Johnsonek.

EBko kideek harrapakinen %33 arrantzatzen dute Ingalaterra eta Eskoziako uretan. Sektore horrek 180.000 pertsona inguru enplegatzen ditu Atlantikoko kostaldeko komunitateetan, eta ezinbesteko elementu ekonomikoa da. Ez horrenbestekoa Ingalaterra eta Eskoziakoentzat: 6.000 ontzi eta 12.000 arrantzale inguru dituzte, eta ekarpen txikia egiten die hango ekonomiei (BPGaren %0,2). Gainera, Erresuma Batuan, dagokien kuota harrapatzen duten itsasontzi handien erdiak kanpotarrak dira, eta beste erdiak, enpresa mistoak. Hala ere, berebiziko garrantzia du kostaldeko herri batzuentzat, bereziki Eskozia ekialdekoentzat: han egiten dituzte Erresuma Batuko arrain lehorreratzeen %64. Eta han daude, halaber, esportazio enpresa nagusiak.

Erresuma Batuak arrainetan superabit komertziala du EBrekin, eta hango arrantzaleek irabazirik handiena duten espezieetako batzuk Europako merkatuetarako harrapatzen dituzte ia esklusiboki. Erresuma Batuak arrainen ia %70 esportatzen ditu, eta esportazioen bi heren EBra doaz. Erresuma Batuko esportatzaileak, baina, beldur dira esportazio eta inportazio agiriek — ingurumen eta osasuneko ziurtagiriek eta ikuskapenek, besteak beste— EBn saltzea bideragarria ez egitea.

Horiek horrela, hainbat aukera aipatu dituzte: batetik, arraina muga zergarik gabe saltzeko aukera eskain diezaioke Bruselak Londresi, baldin eta hark sarbidea bermatzen badie EBko itsasontziei Ingalaterra eta Eskoziako uretan arrantza egin dezaten. Downing Streetek, berriz, eskain dezake muga zergak kentzea EBko itsasoko produktuei, nahiz eta ez utzi bere uretarako sarbiderik. Hori tentazio handia litzateke EBko kontserba sektorearentzat, asko saltzen duelako Erresuma Batuan, eta baduelako gaitasuna presio egiteko Bruselan.

Gaur-gaurkoz, dena dago airean. Erresuma Batuak Norvegia ikusten eredu gisa. Oslok urtero negoziatzen ditu EBrekin uretarako sarbideak, partekatutako arrain espezieen kudeaketa eta, horrekin batera, kuotak. Baina ikuspegi horrek ziurgabetasun amaigabea ekarriko lioke EBri. Europako Arrantza Aliantzako presidente Gerard van Balsfoortek azaldu duenez, EBko kideek «sarbide bermatua» nahi dute, ez urtez urteko negoziaziorik.

Eraginak Euskal Herrian

Berdin pentsatzen dute Euskal Herriko agintariek. Egungo statu quo-a mantentzearen aldekoa da Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria. «Guk nahi dugu arrantza eremuak eta kuotak zehazteko moduak berdin mantentzea, eta, trukean, Europako merkaturako sarrera librea ematea britainiarrei, orain arte bezala». Eta ideia horrekin bat dator Serge Larzabal Lapurdiko eta Landetako Arrantza Batzordeko burua ere. «Nik, bederen, beste irtenbiderik ez dut ikusten».

Eremuen eta kuoten ingurukoa da Eusko Jaurlaritzak daukan kezka nagusia. «Aurrena hori konpondu beharko litzateke. Guk gertutik jarraituko dugu eztabaida hori». Arrantza produktuen esportazio-inportazioen auzia, berriz, «ondoren» etorriko dela uste du Azkuek.

Jaurlaritzarentzat, halaber, erabaki «egokia» izan da arrantzaren inguruko akordio besteetatik bereiztea eta negoziazioak aurreratu izana. «Dena batera negoziatuz gero, arrantza salduta edo alde batera uzteko aukera gehiago egon zitekeen; lehentasun gisa jarri izana eta uztailera arteko epea jarri izana —nahiz eta akordio batera ez heldu— modu positiboan baloratzen dugu».

Larzabalek ez du berdin pentsatzen, eta, haren iritziz, gainera, EBko agintariak ez dira hala ari. «Negoziazioak aurreratu arren, 'pakete global' baten barruan ari dira lantzen arrantzaren gaia, beste jarduera ekonomiko batzuekin batera. Eta, nire irudiko, inportantea da hori horrela egitea». Larzabalek uste du arrantza eremuen eta kuoten gaia esportazioenarekin batera landu behar direla; eta gogoratu du Frantziako arrantza sektorearentzat ezinbestekoa dela Erresuma Batuko merkatua; bera da esportatzaile nagusia han, Galiziarekin batera.

Oinarrian ados egon arren, Bidasoaren bi aldeetan ñabardurak nabari dira batzuen eta besteen ikuspuntuetan, Larzabalek azpimarratzen duenez «oso ezberdinak» direlako bateko eta besteko arrantzaleek Erresuma Batuko merkatuarekin eta urekin dituzten harremanak. Lapurdiko eta Landetako 25-30 arrantzontzi inguru aritzen dira han arrantzan, eta Akitaniako ontzien harrapaketen %16 han egiten dituzte —Lapurdiko ontziena zenbatekoa den ezin du zehaztu Larzabalek—.

Hegoaldeko arrantza sektorearentzat, aldiz, zuzeneko kaltea ez litzateke oso handia izango, baina bai zeharkakoa. Bakarrik hiru itsasontzi dabiltza gaur egun ur britainiarretan, hirurak Ondarroakoak (Bizkaia): bi arrasteontzi —hilabete batzuk bakarrik egiten dituzte ur horietan, udaran bereziki, eta ez urtero— , eta tretzaontzi bat —urte osoan ibiltzen da—.

Baina beste ontzientzat ere izango lirateke kalteak. Azkuek azaldu duenez, Ingalaterra eta Eskoziako uretatik botatzen dituzten Espainiako eta Frantziako barkuei gehitu beharko litzaizkieke Herbehereetakoak eta Belgikakoak; horiek denak Bizkaiko golkora joango lirateke arrantzara, Frantziako uretara. «Arrantza asko handituko litzateke esparru txiki batean; hainbeste ontzi eremu batean pilatzeak iskanbilak sor ditzake. Hori da gure kezka nagusia».

Zigorrak ala laguntzak

Larzabalen ustez, horrek «eragin handia» izango luke «bizikidetzan» ez ezik arrantza kuoten banaketan ere: «Desplazamenduak bezainbesteko garrantzia du horrek; berrikusi egin beharko lirateke kuotak». Eta eragina izango luke, halaber, espezie batzuen geroan ere. «Azken hamarkadetan sekulako ahalegina egin da populazioa %60tik gora mantentzeko, eta arriskuan jar liteke hori». Horiek hala, Lapurdiko arrantzaleen ordezkariak uste du Bizkaiko Golkoan jarduera batzuk «eten edo zigortu» egin beharko liratekeela.

Euskal Herriko arrantzaleen interesak Madrilek eta Parisek defendatzen dituzte. Baikor da Larzabal: «Kontent gara orain arte gobernuak izan duen jarrerarekin eta berarekin ditugun harremanekin». Jaurlaritzako kideak, berriz, uste du Espainiako eta Frantziako gobernuek «plan alternatibo bat» izan beharko luketela. «Aurrea hartzen saiatu beharko ginateke. Adibidez, Europako arrantza funtsak moldatu beharko lirateke kaltetuak izango diren flotei diru laguntza batzuk emateko, egoera bere onera etorri arte edo beste errealitate batera moldatu arte». Azkuek eta Larzabalek diotenez, aukera bat litzateke hori, «negoziazioek porrot egin balute».

Normandiako arrantzalek bezala, Euskal Herrikoek ere kezkaz begiratzen diote Erresuma Batutik datozen hodeitzarrei. Baina, beti bezala, Sole Handian jarriak dituzte itxaropenak. Ekaitzaren ostean, etor daiteke barealdia.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Inma Moro, Itziar Llanera eta Begoña Olaskoaga, Arrondegiko osasun etxean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Aztarnariak zaintzaile

Maite Asensio Lozano

Koronabirusean positibo eman dutenen gertuko kontaktuak bilatzea baino gehiago da aztarnari sistemako kideen lana: gaitzari eta bakartzeari buruzko informazioa emateaz edota zailtasunak dituztenen jarraipena egiteaz ere arduratzen dira.

PCR proba bat, Donostian. ©Idoia Zabaleta, FOKU

Beste 855 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Inoiz baino PCR proba gehiago egin dituzte azken egunean: 14.298, zehazki. Horietatik 855 kasutan detektatu dute birusa. 337 Nafarroan detektatu dituzte. Aurreko egunean, laurehunetik gora izan ziren lurralde horretan, lehenbiziko aldiz.

Miren Basaras, EHUko COVID-19aren Zaintza Batzordeko arduraduna. ©EHU

EHUk Miren Basaras izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun

Mikel O. Iribar

Mikrobiologoa eta EHUko irakaslea da Basaras, eta koronabirusaren ikerkuntzan badu esperientziarik. Zaintza Batzordearen lehen erronka EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea izango da. 

Susanna Paavilainen eta haren txakurra, Kossi, Helsinkiko aireportuan lanean, atzo. ©MAURI RATILAINEN / EFE

Koronabirusa atzemateko txakurrak erabiltzen hasi dira Finlandian

Edu Lartzanguren

Helsinkiko aireportuan hasi ziren lanean atzo animaliokin. Azterketen arabera, txakurrok kasuen ia %100 usaintzen dituzte, kutsaturiko pertsonak oraindik sintomarik garatu ez baditu ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jokin Sagarzazu

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna