Kezkaz begiratu dute Brusela alderantz hala alturako nola baxurako arrantzaleek. Baxurakoentzat espezie garrantzitsuenetako bat den antxoaren arrantza kuota Bizkaiko Golkoan 33.000 tonatik 11.000ra jaistea proposatu du Europako Batzordeak.
Aurtengo antxoaren kostera gaizki joan ostean dator proposamena. Iñaki Zabaleta Bizkaiko kofradien federazioko presidenteak onartu du urtea «makala» izan dela. «Kuota pixka bat jaitsi behar da, baina ez hori guztia», iritzi dio Zabaletak. Haatik, Arrantza ministroen erabakiak «gorantz» joko duela espero du.
Antzeko iritzia agertu zuen Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Josu Santiagoak. Proposamena «gehiegizkoa» dela deritzo eta kuotarik egokiena «18.000 eta 20.000 tona artekoa» dela uste du.
Legatzaren kasua
Baltikoko, Ipar Itsasoko, Eskoziako eta Bizkaiko Golkoko legatzaren iparraldeko stock-aegungo 30.000 tonatik 28.000ra jaistea iradoki du Bruselak. Gainontzeko espezie demertsalen modura bakailaoa, mihi-arraina edo zapoa gaizki dagoela eta epe luzeko plan bat beharrezkoa dela iritzi dio Franz Fischler EBko Arrantza komisarioak: «Funtsezko espezie demertsalen egoera egongaitza da eta kalteak industria osoak jasaten ditu. Aukera argia da: urtero kuotak eta arrantza nabarmen murrizten ditugu edo hain zorrotzak ez diren neurriak jasoko dituen epe luzeko plan bat ezarriko dugu. Ni azken horren aldekoa naiz».
Bakailaoarentzat plan bat dago abian, oso egoera txarrean baitago, baina legatzaren kasuan, bi urteko gorabeheren ostean, geldirik dago. Otsailean da plan hori eztabaidatzekoa Europako Parlamentuan. Bitartean, kuota %6 jaistea proposatu du. Martin Agirre Pasaiako Ontzijabeen Elkarteko idazkariaren aburuz, plan hori ez da beharrezkoa, harrapaketa kopuru horiekin arrantzatzen jarraitzen badute «espeziea berez suspertuko delako, lauzpabost urtetan». Agirrek, adierazpen hori egiteko, ICES zientzia aholkularien batzordearen datuak hartu ditu aintzat. Haren iritziz, Bruselak proposatutako 28.000 tonako kuota «ez da serioa» eta oraindik ere igotzeko tartea dago, 35.000 tona ingururaino.Agirrek, bestetik, ohartarazi zuen Ondarroako eta Pasaiako ontziei arrantzan egin beharreko egunak gehiago murriztuko zaizkiela. Urriaren hasieran Bruselak Irlanda, Eskozia eta Frantziako uretako arrantza egunen inguruko araua argitaratu zuen. Herrialde bakoitzaren flotari dagozkion egunak kalkulatzeko, 1998tik 2002ra artean ur horietan arrantzan egindako egunak, ontzi kopurua eta potentzia hartu ziren oinarritzat. Haatik, 1986tik 2003ra Espainiako flotari egunak mugatu zitzaizkionez, eta nahiz eta kalkulua oraindik egiteke dagoen, Hego Euskal Herriko flotari Frantzia eta Eskoziako uretan %35 murriztuko zaiola susmatzen du Agirrek. «1986ko negoziazioan baino okerrago geratu gara». Pasaiako ontzijabeen ordezkaria beldur da legatzaren etorkizuneko planak (onartuz gero) ez ote duen araudi hori aintzat hartuko.
-
Datua
29.000
1998tik 2003ra bitartean legatzaren ipar stocka 29.000 tonatan jaitsi da: 1998an 59.000 tonakoa zen; 1999an 55.000koa, 2000n 42.000koa, 2001ean 22.600ekoa, iaz 27.000koa eta aurten 30.000koa.