Europa

Bruselak beste bi urte eman dizkio Frantziari bere defizita %3ra jaisteko

Frantzia ez ezik, Italia eta Belgika ere ez zigortzea erabaki du Bruselak

Iker Aranburu.
2015eko otsailaren 25a
09:21
Entzun

Frantziak ez du zigorrik jasoko aurten bere defizita %3tik behera jaisten ez badu. Politikotik asko duen erabakian, Europako Batzordeak erabaki du hirugarren aldez epe hori luzatzea. Orain, 2017ra arteko tartea du.

Joan den azaroan beste hiru hilabeteko tartea hartu zuen Europako Batzorde berriak Frantziaren kasua aztertzeko.

Valdis Dombrovskis Eurorako komisarioak onartu du Frantziaren kasua "konplikatua" dela.

Erreskate funtsen sistema sortzearen truke Alemaniak jarritako baldintzetako bat da Europako Batzordeak aurrekontuak aldez aurretik gainbegiratzea. Greziaren defizit erraldoi ezkutuak nolako hondamendi katea sortu duen ikusita, Berlinek eragotzi nahi zuen inoren kontuak deskontrolatzea eta gero salbatu behar izatea. Urriaren 15a baino lehen igorri zituzten estatukide guztiek kontuak Bruselara, eta hilabetea amaitu aurretik behin-behineko onarpena eman zien. Azaroan, testuak ongi aztertuta, Batzordeak defizit «helburuak ez betetzeko arriskuan» daudela esan zien zazpi herrialderi, eta «beharrezkoak diren neurriak» har ditzaten esan zien. Tartean zegoen Frantzia, Europako funtsezko motorra, baina baita Espainia, Italia, Belgika, Austria, Portugal eta Malta ere.

Frantzia zigortzeak sekulako iskanbila sortuko zuela jakitun, hiru hilabete hartu zituen orduan Bruselak zigor prozedura abiatu ala ez erabakitzeko. Azterketa teknikoa baino, azterketa politikoa egin du Batzordeak. Izan ere, azterketa tekniko hutsa eginez gero, Frantziak ez zuen gaindituko: iragarri zuen %4,3ko defizita izango duela datorren urtean, %3ko mugaren gainetik. Egiturazko defizitari —ekonomiaren gorabeherak kontuan hartzen ez dituena— begiratuz gero ere, Parisek ez du hitzemandakoa beteko: 0,8 puntu jaitsiko zuela esan zuen, eta 0,2 puntuan geratuko da.

Baina gauza bat da zenbakiek esaten dutena eta beste bat egokitasun politikoa. Orain arte Bruselak ez du inor zigortu defizitaren eta zorraren gaineko arauak hausteagatik, eta ez da izan horretarako aukerarik ez duelako eduki. Egonkortasun Ituna sinatu eta gutxira hasi baitziren EBko kideak han jarritako mugei ezikusiarena egiten. Lehen bekatariak, Alemania eta Frantzia. Zenbaki hotzen gainetik, Bruselak beti aurkitu du zirrikitu bat malguago jokatzeko. Frantziari eta Espainiari, esaterako, dagoeneko bitan atzeratu die defizita %3tik behera uzteko muga. Gertuen ibili dena Belgika izan da: 2011n Batzordeak abisatu zion kontrako iritzia emateko prest zegoela, eta 900 milioi arteko isuna jar ziezaiokeela. Belgikako Gobernuak di-da batean atzeratu zuen erretiro aurreratuaren adina, eta langabezia sariak txikitu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.