Zergak igo gabe estatuen diru sarrerak handitzeko bide bat proposatu zuen atzo Europako Batzordeak: BEZ balio erantsiaren zerga berrikustea. Zenbait produktu eta zerbitzuri ezartzen zaizkien tasa murriztua eta supermurriztua mugatuta eta iruzurrari aurre egiteko neurri batzuk hartuta herrialdeen diru sarrerak nabarmen handituko liratekeela adierazi zuen Algirdas Semeta Europako zerga arloko komisarioak. 2009an, Europako Batasuneko 27 herrialdeek 783.000 milioi euro bildu zituzten BEZetik, zergetatik lortutako diru sarreren %20 inguru.
Egungo sistemaren arabera, BEZeko tasa orokorrak gutxienez %15ekoa izan behar du EBko herrialdeetan —%18koa da Hegoaldean eta %19,6koa Iparraldean—. Herrialdeek, baina, aukera dute zenbait produktu eta zerbitzuri tasa murriztua ezartzeko; tasa horrek gutxienez %5ekoa izan behar du —%8koa da Hegoaldean eta %5,5ekoa Iparraldean—. Herrialde batzuetan bada tasa supermurriztua ere, premiazko ondasunentzat —%4koa da Hegoaldean eta %2,1ekoa Iparraldean—.
Duela 40 urte diseinatutako sistema hori, ordea, zaharkitua gelditu da Bruselaren irudiko, ez dielako EBko barne merkatuaren beharrei erantzuten. «BEZak eraginkorragoa izan behar du estatu kideei zerga egonkortasuna eta ekonomiaren hazkunde iraunkorra lortzen laguntzeko». Horregatik, barne merkatuaren funtzionamendu egokia oztopatzen duten produktu eta zerbitzuei eta ingurumenarentzat, osasunarentzat eta ongizatearentzat kaltegarri direnei tasa murriztu hori ezartzea galarazi nahi du. 2012an hasiko da BEZeko tasa murriztuen inguruko azterketa egiten, eta 2013a bukatzerako aurkeztuko du proposamenen bat.
Horrez gain, iruzurrari aurre egiteko asmoa ere azaldu zuen Bruselak. Semetaren hitzetan, bilketaren %12ri eragiten dio iruzurrak; ondorioz, BEZan urtean 100.000 milioi euro gutxiago jasotzen dituzte EBko 27 herrialdeek. Hori konpontzeko, datorren urtean bertan erantzun azkarreko mekanismo bat jarriko du martxan eta 2014an txosten bat aurkeztuko du herrialdeek zein neurri hartu behar dituzten azalduz.
Azkenik, BEZaren bilketak —batez ere mugaz gaindiko operazioetan— administrazioei eragiten dien lana arindu nahi du Bruselak. Horretarako, leihatila bakarra sortzea proposatu zuen. BEZarekin lotura duten eragiketa guztiak eta BEZaren aitorpena estandarizatzeko prozedura webgune batean eta EBko hizkuntza ofizial guztietan jasotzea esan nahiko luke horrek. Aldeak %10 murriztuz, barne merkataritzak %3,7ko bultzada jasoko lukeela zehaztu zuen Semetak.
Zorraren krisia. Goi bileraren atarian
Bruselak BEZeko tasa murriztuak eta iruzurra mugatu nahi ditu
Balio erantsiaren zerga berrikusita tasak igo gabe EBko herrialdeen diru sarrerak nabarmen handitu daitezkeela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu