Inolaz ere jaso nahi ez duen erreskatearen mamua uxatzeko laguntza jaso zuen atzo Espainiak Bruselatik. Europako Batzordeko gai ekonomikoetarako bozeramaileak, Amadeu Altafajek, atzo baztertu egin zuen Espainiak EBren laguntza behar duela bere diru beharrak betetzeko. «Espainiak ez du zertan erreskate batean pentsatu, beharrezko erreformak egiten ari delako», esan zuen Onda Cero irratian.
Azken egunotan halako mezuak eskatzen aritu dira Mariano Raxoi eta haren ministroak, baina bueltan «dirua hor dago, Espainiak eskatzeko zain» modukoak baizik ez dituzte jaso. Espainiako ordezkariek ahal zuten aldi guztietan esan dute eskatu zaizkien erreformak eta gastu murrizketak egiten ari direla. Hala ere, merkatuek zigortu egiten dute Espainia, eta diru gehiago eskatzen diote zorraren truke. Arrisku saria 500 puntutik gertu egon da aste osoan —atzo 484 puntutan itxi zuen—, eta osteguneko hiru eta lau urteko bonuen enkantean inbertsiogileei emandako interesa nabarmen igo behar izan zuen. Hala ere, espero zuen gehienezko kopurua saldu zuen —2.493 milioi—, eta eskaria halako hiru izan zen eskaera.
EBZren zain dago Madril
Interes tasak gehiago jaitsi eta bere gaineko presioa kentzeko, Bruselaren mezuak baino gehiago Frankfurtekoak nahi ditu Espainiako Gobernuak. EBZk bi hilabete daramatza Espainiaren eta larri dabiltzan beste estatuen zorra erosi gabe, Bundesbankek neurri heterodoxoen arriskuez ohartarazi zuenetik. Asteazkenean, EBZk esku hartu behar zuela zioen zurrumurrua nahikoa izan zen arrisku saria 507 puntuko maila gorenetik 480ra jaisteko. 500 puntuak gainditu zituztenean eskatu zuten laguntza Greziak, Irlandak eta Portugalek, eta maila horretan eman zuen amore Silvio Berlusconi Italiako gobernuburuak ere. Bada alderik, ordea: herrialde periferikoetatik ihesi dabiltzan inbertsiogileak Alemaniako zorra ari dira erosten, eta haren interesak jaiste hutsak handitu egiten du arrisku saria.
Greziarekin edo Portugalekin baino, Irlandarekin antz handiagoa hartzen ari da Espainiaren kasua. Herrialde hartan bankuak —hangoak eta hangoei dirua utzi zietenak— nola edo hala salbatzeko erabakiak agortu zituen estatuaren kutxak, eta defizita %32ra igo zuten. Irlandak bezalaxe, eraikuntzaren burbuila du Espainiak, eta bankuek urte oparoetan maileguak emateko orduan izan zuten eskuzabaltasuna pagatzen ari dira. Espainiako Bankuak atzo emandako datuen arabera, maileguen berankortasun tasa %8,36ra heldu da, azken hemezortzi urteetako daturik handiena. Datu osoetan, 147.968 milioi euroren maileguak berandu ari dira pagatzen familiak eta enpresak.
BBK, onenen taldean
Portzentaje horietatik gora dabil Bankia, Espainiak joan den astean nazionalizatzea erabaki zuen bankua, ez zuelako dirurik Madrilek eskatu dizkion hornidurak egiteko. Espainiak ziurtatu du nahiko diru baduela Bankia kapitalizatzeko eta laguntza eska dezaketen besteei uzteko, eta baztertu egin du EMS Europako funtsari dirua eskatzeko aukera. Baina Madrilen baieztapen hori auzitan jartzen dute merkatuek, adituek eta EBko gobernu batzuek ere, batez ere ez dutelako uste bankuek beren zulo guztien berri eman dutenik.
Financial Times-ek diru premiatik kanpo utzi zituen atzo hiru handiak —Santander, BBVA eta Caixabank—, baina baita Bankinter eta «BBK» ere. «Nahiko egoera onean daude, zuzendaritza errespetagarriak dituzte, etxegintzarekiko mendekotasun gutxiago duteeta, besteekin alderatuta, zuhurragoak izan dira maileguak emateko orduan».
Europa krisian. Espainia
Bruselak dio Espainiak oraindik ez duela erreskaterik behar
Espainiako Bankuaren arabera, 147.000 milioi euroren maileguak ari dira berandu ordaintzen: %8,36
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu