Bruselak dio «inflexio puntu» batean daudela Txinarekin dituen harremanak

Urusula von der Leyen Xi Jinpingekin bildu da Pekinen. «Jokabide komertzial oldarkorrak» arintzeko eskatu dio.

Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentea, Xi Jinping Txinako gobernuburua eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, ostegun honetan, Pekinen.  XIE HUANCHI /EFE
Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentea, Xi Jinping Txinako gobernuburua eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, ostegun honetan, Pekinen. XIE HUANCHI /EFE
jokin sagarzazu
2025eko uztailaren 24a
16:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batasunak Washingtonen dauka begi bat, eta Pekinen bestea. Merkataritza harremanen etorkizuna jokoan ikusten du, eta azken asteetan bizkortu egin ditu negoziazioak. Atzo, Europako Batzordeak iragarri zuen «oso gertu» dagoela EBren eta AEBen arteko akordioa. Ostegun honetan, Ursula von der Leyen presidentea Xi Jinping Txinako presidentearekin bildu da, Pekinen, «harremanak bideratzeko». Baina horrek denbora gehiago beharko du.

Von der Leyenen arabera, EBren eta Txinaren arteko harremanak «inflexio puntu batera» iritsi dira. Are gehiago Donald Trump Etxe Zurira itzuli zenetik. AEBetako zerga politikak zailtasunak jarriko dizkie nazioarteko esportazioei, eta Txina da munduko fabrika nagusia. Europako Batasunak errezeloz begiratzen dio horri, Asiako erraldoiak kontinentea bere produktuz bete dezakeelakoan. Orain arteko datuek, baina, ez dute halakorik erakusten —%2 baino ez dira handitu Txinaren esportazioak apiriletik, Trumpek gerra komertziala abiatu zuenetik—, baina Bruselan oso kezkatuta daude.

Bilera amaitu ondoren EBk zabaldutako oharrak dioenez, Von der Leyenek Xiri adierazi dio EBren eta Txinaren arteko harremanak «modu larrian desorekatuta» daudela, eta, egoera hobetzen ez bada, Bruselak bere interes ekonomikoak babesteko «neurri proportzionalak» hartuko dituela.

Estatu laguntzak

Datu bat gogoratu du Europako agintariak: EBk 305.000 milioi euroko defizit komertziala dauka Txinarekiko. Nabarmendu duenez, Asiako erraldoiaren produktuak lasai asko heltzen dira EBra; aldiz, bertako enpresek oztopo ugari dituzte Txinako merkatura sartzeko, batez ere haragia, kosmetikoak eta botikak saltzeko.

Dumping praktikak salatu ditu. Alegia, Txinak bere produktuak atzerrian oso merke saltzen dituela, bereziki Pekinek diru publikoaren bidez laguntzen dituelako hango enpresak. Gogoratu du 2020tik 2024ra bitartean, EBk 79 ikerketa zabaldu dituela horregatik, eta horietako 44 Txinari buruzkoak direla. Hauek dira sektore nagusiak: auto elektrikoak, osasun ekipamenduak eta teknologia oro har.

Von der Leyenek beste arazo batzuk ere aipatu dizkio Xiri. Lur arraroen esportazioa mugatzea leporatu dio. Horrez gain, datuen segurtasunean eta delitu zibernetikoen aurka argiago jokatzeko eskatu dio.

Txinak ez du bilerari buruzko baloraziorik egin, ohi duen moduan. Prest agertu da ados jartzeko, eta nabarmendu du bi aldeen arteko harremanak «elkarrekiko errespetua» izan behar duela oinarri.

Trumpen zain

EBrekin batera, Pekinek beste fronte bat dauka irekita: AEBekin. Altxorraren idazkari Scott Bessentek ostegun honetan jakinarazi du datorren astean bilduko direla, hirugarrenez, eta oraingo honetan Stockholmen, Suedian. Bi herrialdeen arteko su etena abuztuaren 12an amaituko da —EBren eta gainontzeko herrialdeena, abuztuaren 1ean—. Bessentek esan du epea luzatzea aztertzen ari direla.

Europaren eta AEBen arteko elkarrizketak, berriz, arinago doaz. Financial Times-ek asteazkenean zabaldu zuenez, azkenean AEBk ezarriko lukeen muga zerga orokorra %15 ingurukoa izango litzateke. Duela aste batzuk Trumpek mehatxu egindako %30ekotik oso behera, eta apirilean indarrean jarritakoaren pareko —%10 oinarrizko tasa gaineratu zion aurretik indarrean zen %4,8ari—. Dena den, oraindik ez dago argi zer gertatuko den beste zerga batzuekin; esaterako, autoei ezarri dien %25,7koarekin.

Akordiorik ez balego, EBk adierazi du jada prest daukala bere erantzuna. Estatu kideek ostegun honetan adostu dute guztira 93.000 milioi euroren balioa duten esportazioen gaineko zerga. Haien artean leudeke autoak, hegazkinak, elikagaiak, makineria eta bourbona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.