Bruselak dio planik ez duela 16 banku kapitalizatzeko

Diru gehiago biltzeko beharrik ez duela azaldu du Banca Civicak, bere kapitala ia %10era igotzea lortu duelako

Iker Aranburu.
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak gezurtatu egin du uztaileko erresistentzia azterketa ozta-ozta gainditu zuten bankuak kapitalizatzeko premiazko plana prestatzen ari dela. Kapital beharra dutenen artean aipatu dute Banca Civica, Nafarroako Kutxa partaide duen bankua. Espainiako Bankuaren arabera, ordea, ez Banca Civicak ezta bere begiradapean duen beste finantza erakunderik ez dute plan berezi baten beharrik, jada kapitala bildu dutelako edo hori egiteko bidean daudelako.

Espainiako Bankuak eta AEB Espainiako Bankuen Elkarteak haserre erantzun zieten atzo bankuen kapitalizazio planei buruzko berriei. Financial Times-ek kaleratutakoaren arabera, Bruselak hamasei bankuren kapitalizazioa bizkortzeko asmoa du, merkatuak lasaitzeko. Zerrendan ez zegoen Frantziako edo Belgikako bankurik, nahiz eta horiek diren —BNP Paribas eta Societe Generale buru dituztela—, gehien galduko dutenak Greziak zorrak pagatzeari uzten badio.

Zerrenda horretan agertzen da Banca Civica, uztaileko estres azterketen arabera, haren core kapitala aktiboen %5,64 baizik ez zelako azterketek aurreikusitako egoerarik txarrenean. Uztailean, ordea, 600 milioitik gora bildu zituen CAN kide duen bankuak burtsan. Diru horrekin eta azterketa horrek aintzat hartu ez zituen erreserba generikoekin bere kapitala%9,84ra igo dela azaldu du. Antzeko mezua adierazi dute Bankoak, Banco Popularrek, Bankinterrek eta Banco Sabadellek.

Plana ez, beharra bai

Berriak bankuen osasunari buruz sortu dituen zalantzak uxatu nahi izan ditu Europako Batzordeak, Olivier Bailly bozeramailearen bidez: «Ez dago Europako bankuak kapitalizatzeko plan erraldoirik (…). Bankuak beren burua kapitalizatzen ari dira 2008az geroztik. Ordutik hona 420.000 milioi bildu dituzte». Azken asteotan, edonola ere, Europako agintariek onartu egin dute bankuek diru gehiago bildu beharko dutela, zor publikoaren ez ordainketaz babesteko.

Estres azterketek tarte bat eman zieten %6tik beherako kapitala zuten finantza erakundeei. Azterketa huts egin zuten bederatzik urtea bukatu aurretik jaso behar dute, eta %5 eta %6 arteko kapitalarekin geratu ziren hamaseiek, berriz, 2012ko apirilera bitarte.

Arazoa da azterketa horiek ez zutela kontuan hartu Greziak porrot egiteak, eta, hortaz, finantza merkatuek ez dituztela fidagarritzat jotzen. Horregatik, bankuetako akzioak beheraka ari ziren atzo. Europako Banku Zentralak haien zorra erosiko duela eta interes tasak jaitsiko dituela zioten zurrumurruek joera aldatu zuten, eta burtsek irabaziekin bukatu zuten, bankuei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.