Berriz ere mahai gainean da eurobonuen inguruko eztabaida, oraingoan Europako Batzordearen ekimenez. Jose Manuel Durao Barroso presidentearen hitzetan, ez dira gaitz guztientzat botika izango, «ez dituzte arazorik presazkoenak konponduko, ez dute Grezia bere betebeharretatik libratuko eta ez dituzte euroguneko gainerako herrialdeetan abian diren erreformak geraraziko». Baina uste du bitarteko baliagarriak izango direla zorraren krisia gainditzen laguntzeko. Horregatik, atzo baieztatu zuen aurki aurkeztuko dituela eskuartean dituen proposamenak. Ez zuen zehaztu aurkezpenerako egunik; soilik aurreratu zuen proposamenetako batzuk Europako Batasuneko Ituna moldatzea eskatuko dutela.
Durao Barrosoren hitzek baikortasuna eragin zuten inbertsiogileen artean, eta berehala nabaritu ziren ondorioak Europako burtsetan. Irekierako zenbaki gorriek beste egun beltz bat iragartzen zuten arren, goiz erdirako irabazitan ziren indize garrantzitsuenak. Parisko burtsaren goraldia izan zen aipagarriena. Eguna gaizki hasi zuen, Moddy's rating agentziak herrialdeko bankurik garrantzitsuenetako biri —Credit Agricole eta Societe Generaleri— kalifikazioa jaitsi zielako. Itxi, ordea, %1,28 irabazita itxi zuen CAC 40 indizeak.
Durao Barrosok eurobonuen aldeko jarrera erakuste hutsak aspaldian baretuta zegoen eztabaida berpiztu zuen. Eta, Bruselaren intentzioak ikusita, pentsa liteke atzo hasitakoak soka luzea ekarriko duela, alegia, datozen hilabeteetan eurobonuak euroguneko agintarien eztabaidagai garrantzitsuenetako bihurtuko direla, aldekoak bezala, kontrakoak ere asko direlako.
Eurobonuen aurka egin gabe, haien ondorioez ohartarazi zuen Olli Rehn Europako ekonomia gaietarako komisarioak. Haiengan espektatiba handiak dauden arren, zorra bateratzearekin batera zerga ikuskaritza indartzeko neurriak hartu beharko dituztela jakinarazi zien euroguneko gobernuei. Gainera, adierazi zuen «titulu horiek sortzeak estatu kideen zerga subiranotasunean» ondorioak izango dituela. Askoz gogorrago aritu zen Philipp Roesler Alemaniako kantzilerorde eta Ekonomia ministroa. «Eurobonuei ezetz esaten diegu, hori da Alemaniako Gobernu federalaren jarrera», adierazi zuen. Alemania da zor titulu bateratuak ateratzearen aurkari nagusia, horrek merkatuetan finantzatzearen truke interes tasa handiagoa pagatzea ekarriko liokeelako.
Roeslerrek Erroman egin zituen adierazpen horiek, Paolo Romani Italiako Ekonomiaren Garapenerako ministroarekin egindako bileraren ostean. Merkatuei konfiantza eman nahian Silvio Berlusconiren gobernuak prestatu duen murrizketa plana izan zuten aztergai. 54.000 milioi eurotan balioetsitako neurriak jasotzen ditu plan horrek, tartean balio erantsiaren zerga %20tik %21era igotzea, 2013an defizita hutsean uzteko helburuarekin. Italiako Parlamentuak atzo gauean onartu zuen plana, 314 aldeko boto eta 300 kontrakorekin. Uztailean beste 79.000 milioi euro aurrezteko murrizketa plan bat onartu zuen.
Austriak bozketa atzeratu du
Eguneko ustekabea, berriz, Austriatik iritsi zen, Parlamentuko Finantza Batzordeak Europaren Finantza Egonkortasunerako Funtsa handitzearen inguruko bozketa atzeratzea erabaki zuelako. Proposamenak ziurtatua du Austriako Gobernuan koalizioan dauden sozialdemokraten eta kontserbadoreen oniritzia; ez, ordea, Berdeena. Horregatik, botazioa datorren hilera arte atzeratzea erabaki du Parlamentuko Finantza Batzordeak.
Europaren Finantza Egonkortasunerako Funtsa handitzea ezinbesteko baldintza da Greziari bigarren erreskatea emateko. 160.000 milioi euroko laguntza litzateke bigarrena, eta Nazioarteko Diru Funtsak, EBk eta hartzekodun pribatuek hartuko lukete parte.
Hain zuzen, erreskate hori bera izan zuten hizketagai Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak bideokonferentzia bidez egin zuten bileran. Batzarraren ostean, mezu bateratua eta argia igorri zien merkatuei: «Greziak euroan jarraituko du».
Itxura denez, Papandreuk erreskateen truke hitzartutako egiturazko erreformak bukaeraraino gauzatzeko intentzio garbia erakutsi zien Alemaniako eta Frantziako gobernuburuei. Erreforma horien artean, sektore publikoaren berregituraketa dago. Asteburuan 20.000 funtzionariori lana ematen dien 151 enpresa publiko desagerraraziko zituela iragarri zuen Greziako Finantza Ministerioak; atzo, berriz, beste 400 erakunde publiko kenduko dituztela eta haietan lan egiten duten 50.000 funtzionario kaleratuko dituela jakinarazi zuen. Horrez gain, higiezinen gaineko zerga berezi bat sortzekoa da, langabe eta ezinduek ere pagatu beharko duten zerga. Bien bitartean, Atenasko kaleetan protestek bizi-bizi jarraitzen dute.
Bruselak eurobonuak sortu nahi ditu, Alemania kontra dagoen arren
Europako Batzordeak aurki aurkeztuko ditu bonu bateratuen inguruko proposamenak; merkatuetan baikortasuna eragin du berriakGreziak beste 400 erakunde publiko kendu eta 50.000 funtzionario kaleratuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu