Bruselak hamar urtez luzatuko du glifosatoaren erabilera

Estatu kideak ez dira ados jarri hura debekatzeko eginiko bileran. Hala ere, estatu bakoitzak bere lurraldean erabilera mugatzeko eskumena izango du.

NEKAZARITZA - PESTIZIDAK
Alemaniako nekazari bat, artxiboko irudian, pestizida botatzen. PATRICK PLEUL / EFE
asier gonzalez de san pedro
2023ko azaroaren 16a
15:05
Entzun

Europako Batzordeak glifosato herbizidaren erabilera hamar urtez luzatuko duela iragarri du. Aurreko akordioaren arabera, aurtengo abenduaren 15ean bukatzen zen produktu kimiko hori nekazaritzan erabiltzeko baimena, baina adostasunik ezean luzapena onartu dute. Hala ere, estatu kideek beren lurraldeetan debekatzeko eskubidea izango dute.

Estatu kideak bigarrenez bildu dira gaur glifosatoaren erabilera arautu edo debekatzeko — urriaren 13an izan zuten lehen aukera—, eta, lehenbizikoan gertatu bezala, ez dira ados jarri. Gauzak hala, batzordea izan da erabilera luzatzeko erabakia hartu duena. Hala ere, batzordeak ohartarazi du erabakia berrikusi daitekeela, glifosatoaren inguruko ikerketak areagotzen ari direlako. «Onarpen irizpideak betetzen ez direla adierazten duten frogak azaltzen badira, edonoiz berrikusi ahalko dugu baimena», zehaztu du.

EBk erabilera luzatu du, baina muga berriak jarri dizkio produktuaren erabilerari. Glifosatoa ezingo da erabili uzta aurretik lehorgarri gisa, eta erabiltzerakoan, neurriak hartu beharko dituzte herbizidaren helburua ez diren organismoak babesteko.

Monsantoa munduan gehien erabiltzen den herbizidetako bat da, glifosatoarekin eginiko produktua, eta batez ere belar txarrak bukatzeko erabiltzen da. Azken urteetan ezbaian egon da haren erabilera eta Bayer enpresak, Monsantoren jabeak 10.400 milioi euro ordaindu ditu kalte ordainetan. Hainbat ikerketak azaleratu zuten minbizia eragiten duela.

Osasunaren Mundu Erakundeak 2015ean jakinarazi zuen Glifosatoa «ziurrenik» kantzerigenoa zela. EFSA Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak, aldiz, ez zuen kezkarako arrazoi «larririk» aurkitu, eta EBk, EFSAren iritzian oinarrituta hartu du erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.