Bruselak herrialdeetako aurrekontuak atzera bota ahal izatea nahi du Merkelek

EBko goi bileran banku batasuna sortzeko prozesua bizkortzeko aukerari ezetz esan dio Alemaniako gobernuak

Ivan Santamaria.
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Lerro hauek idazteko orduan oraindik ere EBko gobernuburuen lan afaria amaitu gabe zegoen. Ez da espero, hala ere, atzo eta gaur egindako goi bileratik garrantzi handiko erabakirik ateratzerik. Joan den ekainean ez bezala, eurogunearen aurkako presioa arindu da, eta zirt edo zart egitera behartuta ez dagoenean, ohi duenez, moteltasunera itzuli da Europako Batasuna.

Frantziaren eta Alemaniaren arteko beso borroka iragarrita zegoen, eta goi bilera hasi baino lehen bi herrialdeetako agintariek argi utzi zuten batzuen eta besteen interesak ez datozela bat. Francois Hollandek azkartu nahi du banku batasuna martxan jartzeko prozesua, eta arazoak dituzten herrialdeei laguntzeko keinu bat exijitzen du, neurritasun eskaera etengabekotik haratago.

Alemania, ordea, ohiko obsesioetara itzuli da: aurrekontu eta defizit kontrola, alegia. Europako Batzordeak Ekonomia komisario ahalguztiduna izatea proposatu du asteon Wolfgang Schaueble Finantza ministroak. Besteak beste, herrialdeetako legebiltzarrek onartutako aurrekontuak gelditu eta atzera botatzeko eskumena izango luke komisario horrek. Atzo, ideia horri heldu zion Angela Merkel kantzilerrak, bilerara joan baino lehen parlamentuan egin zuen agerraldian.

Ekaineko goi bileran krisiari erantzuteko premiazko neurriak adostu zituzten EBko gobernuek. Nagusiak bi izan ziren: ESM erreskate funtsari eta EBZri arazoak dituzten herrialdeen zorra erosteko aukera ematea, eta finantza ikuskatzaile bateratu bat sortzea, banku batasunaren oinarria izango dena. 2013. urtea hasi orduko ikuskatzaile hori prest izango zela agindu zuen EBk, baina ez da lortuko. Banku batasunean «azkar baina xehetasunez» lan egin behar dela adierazi zuen atzo Merkelek. Hots, behin betiko erabakiak atzeratuko dira.

Erreskatea, agendan

Goi bileraren agenda ofizialetik at zokoratuta, Greziarekin eta Espainiarekin zer gertatuko den argitu gabe segitzen du Europak. Espainiari dagokionez, behintzat, Francois Hollandek iragarri zuen gaia tratatuko zuela, eta Alemaniarekin nahiz Italiarekin izan zituen alde biko bileretan aztertu zuen. Greziari dagokionez, baliteke goi bilerako akordioetan herrialdeak egin dituen ahaleginak aintzat hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.