Eusko Legebiltzarrean egon dira gaur goizean Gasteizko BSHko langileak. Bosch Alemaniako multinazionalaren filiala da BSHk, eta Gasteizen daukan lantegia, 200 beharginekin. Arnasa lasai hartu barik daude langile horiek joan den martxoaz geroztik, Boschek negozio eredua aldatzea erabaki zuelako martxoan, eta, aldaketa horren barruan, Gasteizko lantegia saltzea deliberatu zuen. Plantxak ekoizteari utzi nahi dio, eta, hain zuzen ere, lisaburdinak fabrikatzen ditu BSHk Arabako hiriburuan: urtero, bi milioi unitate egiten dituzte Ehariko industrialdean.
Lantegia bereganatzeko erosle baten zain, ziurgabetasunean bizi dira 200 langileak. Gaur bi orduko lanuztea egin dute, eta langile batzordea Eusko Legebiltzarrera joan da, alderdi politiko guztiekin berba egitera. Lantegiaren egoeraren berri eman die EAJ, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, PSE eta PPri, eta "lankidetza" eskatu die etorkizuneko proiektu industrial berriak "behar adina berme" izan ditzan, eta enplegua berma dezan.
Bilerak ontzat eman dituzte langileek, talde politiko guztiek hitz eman baitiete "berme" horiek eskatuko dizkietela Alemaniako multinazionalari. BSHko langile batzordeak Gasteizko ganberan berretsi du akordioa posible dela, "gutxieneko berme batzuk egonez gero". Bileren ostean, langileek kontzentrazioa egin dute legebiltzarraren aurrean, eta iragarri dute datozen asteetan mobilizazioak egiten jarraituko dutela, "multinazionalari, gizarteari, politikariei eta balizko erosleei jakinarazteko borrokan gabiltzala gure fabrikaren jarduera industriala eta enplegua bermatzeko".
Negozio aldaketa
Boschek orain dela bi urte bereganatu zuen BSH: Siemensek etxetresnen atala saldu zion, eta horren barruan zegoen. Egoitza nagusia Munichen du konpainiak, eta martxoan azaldu zuen Gasteizko lantegiaren etorkizuna bermatuko duen erosle bat nahi duela. Salmenta gauzatzen den bitartean, plantxa eredu berriak merkaturatzen jarraitzen du BSHk, Bosch eta Ufesa markarekin.
Bi horiek dira Gasteizen ekoizten dituzten lisaburdinen markak; baina BSHrenak dira, baita Siemens, Balay, Gaggenau eta Neff markak ere. Gasteizen ez ezik, Euskal Herrian beste gune batzuk ere baditu BSHk, Nafarroan, hain zuzen ere. Iruñerrian, Ezkirotzen, hozkailuak eta ontzi garbigailuak ekoizten ditu, eta beste bulego batzuk ditu martxan Uharten, informatika zerbitzuetarako.
Orain plantxak alde batera utzi eta beste negozio batzuk lehenetsi nahi ditu enpresak, hala nola elikagaiak prestatzeko tresneria, xurgatzaileak eta edariak prestatzeko makinak. Horien bidez hazkunde errentagarria lortzeko aukera handiagoa duela uste du. BSH etxeko tresna elektrikoen sektoreko liderra da Europan: 2015ean 12.600 milioi euro fakturatu zituen; 41 lantegi ditu Europan, AEBetan, Latinoamerikan eta Asian; eta 56.000 langile dauzka guztira.