BSHn lanuztearekin erantzun diote erregulazioari

820 langileetatik 178 kaleratu nahi ditu zuzendaritzak, ekoizpenean jaitsiera izan dutela arrazoituta

Erredakzioa
Iruñea
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Ezkirozko (Nafarroako) BSHko langileek 24 orduko lanuztearekin erantzun diote zuzendaritzak aurkeztutako erregulazio eskaerari. 820 langiletatik 178 kaleratzea da haren asmoa, lan taldearen %21 hain zuzen. Horietatik 158 urtea bukatzerako bota nahi ditu; beste hamar, datorren urtean; eta azken hamarrak, 2013an.

Baina erregulazioak ez lieke 178 langile horiei bakarrik eragingo, guztiei baizik. Izan ere, dosierra onartzera, enpresan geratzen diren langileek ere etxean geratu beharko dute 42 egunez, aurtengo urriaren 20tik datorren urteko abenduaren 31 bitarte.

Erregulazioa justifikatzeko arrazoi gisa, ekoizpenean jaitsiera esanguratsua izan duela dio enpresak. BSHn etxetresna elektrikoak fabrikatzen dituzte, eta zuzendaritzaren arabera, Ezkirozko lantegiak lehiakortasuna galdu du soldatengatik eta garraio kostuengatik. Dosierrean dioenez, BSHk presentzia galdu du Europa erdialdeko merkatuetan. «Une hauetan, BSH zein haren lehiakideetako asko kostu txikiko herrialdeetan eta merkatu estrategikoetan lantegiak eraikitzen ari dira, Errusian eta Turkian, esate baterako».

Iban Celaya langile batzordeko presidentearen hitzetan, oraingo zuzendaritzak lan taldea txikitzea besterik ez du izan buruan. Dena dela, negoziatzeko prest daudela aurreratu du, ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.