Bulgarian ere bi aurpegi ditu euroak

Bulgaria eurogunera sartuko den 21. herrialdea izango da, Europako Batasunak, Parlamentuak eta Batzordeko ekonomia ministroek onartu egin dute eta. Aldeko eta kontrako jarrerak sortu dira herrialdean.

Bulgaria eurogunean sartzearen aurkako protestak Sofian, aste honetan. VASSIL DONEV / EFE
Bulgaria eurogunean sartzearen aurkako protestak Sofian, aste honetan. VASSIL DONEV / EFE
2025eko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batasuneko (EB) herrialderik «txiroena» eurogunean sartuko da 2026ko urtarrilaren 1ean. Bulgaria 2007. urtean sartu zen EBn, eta, ordutik, lanean da beharrezko baldintzak bete eta leva euroarekin ordezkatzeko. Bulgariako kaleetan kezka handia piztu du aldaketak.

Europako Batasuneko gobernuek oniritzia eman zioten operazioari ekainaren amaieran, eta aste honetan gauza bera egin dute euroguneko herrialdeetako finantza eta ekonomia ministroek eta Europako Parlamentuak: aldeko 561 boto, kontrako 69 eta 79 abstentzio jaso ditu erabakiak. Hori izan ohi da azken urratsa.

Eurogunean sartzeko baldintza ekonomiko guztiak betetzen ditu orain Bulgariak. Inflazioak eman izan dizkio arazoak, eta hori izan zen traba nagusia Kroaziarekin batera sartzeko egin zuen azken saiakeran, 2023an. Orain, Bulgariaren urte arteko inflazioa ez da EBko errendimendu onena duten hiru herrialdeena baino %1,5 handiagoa —%1,4 handiagoa da, hau da, %2,7ko inflazioa dauka. Irlandak, Finlandiak eta Italiak ezartzen dute orain tasa hori, %1,3ko batez bestekoa dute eta—.

Bulgariako kaleetan, herritarrak oso banatuta daude. Europako Batzordeak joan den udaberrian argitaratutako Eurobarometroaren arabera, herrialdearen erdia dago euroa ezartzearen kontra. Aurreko asteko ostiralean, milaka pertsonak hartu zuten parte protestetan; Poliziarekin istiluak egon ziren, eta zenbait lagun atxilotu zituzten.

datuak

24.200

BPGa 'per capita' Herritarrak beldur dira euroa ezartzearen ondorioz prezioak garestituko ote diren, txiroenak bereziki. Agintariek luzera begirako onurak aipatzen dituzte, baina epe laburrean prezioak igotzeak arduratzen ditu herritar asko. Bulgariako BPG barne produktu gordina24.200 eurokoa da per capita, eta EBren batez bestekoa, berriz, 37.600ekoa. Bulgaria Europako Batasuneko BPGaren %0,6 da.

Bide beretik, Rumen Radev Bulgariako presidenteak, zeinak jarrera errusiazalea baitu, zalantzan jarri du erabakia. Herrialdeak zailtasun ekonomiko handiak izan ditu, hala nola bankuen porrotak, krisialdi ekonomikoak eta 1990eko hamarkadako «trantsizio mingarria», eta herritar askorentzat egonkortasunaren sinbolo ere bada herrialdeko moneta, leva. Suari su emateko, Pragan eginiko agerraldi batean, Ales Michl Txekiako Banku Nazionaleko buruak adierazi du diru propioa izatea bertute handia dela inflazioari aurre egiteko.

Txanponaren beste aldean, badira euroak herrialdeari onurak ekarriko dizkiola esaten dutenak ere. Svetoslav Gavriykski da Bulgariako Finantza ministroa: hark eratu zuen Bulgariako Diru Batzordea, 1997. urtean, eta hura da orain ere burua. Adierazi du 28 urtez jendea batzorde horretara «ohitu» dela, eta orain beldur direla hori gabe egoteko. Hala ere, iritzi dio inflazioaren zurrumurruak «inozoak» direla, eta Bulgariako Diru Batzordea uztearen alde egin du; «herrialde normala» bilakatzeko, beharrezkotzat jo du euroa.

Eva Maydell eurodiputatu bulgariarrak ere ezinbestekotzat jo du eurora batzeko pausoa, Bulgaria Europan gehiago integratu dadin, eta antzeko iritzia du Bulgariako atzerri ministro Georg Georgievek; hark adierazi du euroak Bulgariaren irudia hobetuko duela, eta turismoa areagotuko. «Lehen, jasanezina egiten zen herrialdeen muga zeharkatzea, kontrolengatik; orain, diru bakarra erabiltzen duen mundu bakarrarekin egiten dut amets», azaldu du Georgievek. Izan ere, aurten sartu da Bulgaria —Errumaniarekin batera— Schengen eremuan. Esparru hori Europako Batasuneko zirkulazio libreko gunea da, eta haren parte diren herrialdeetako herritarrak libre igaro daitezke batetik bestera, pasaporterik edo dokumenturik erakutsi gabe.

Europaren jarrera

Europako finantza eta ekonomia ministroek 1,95583 levetan ezarri dute euroaren prezioa. Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordeak azpimarratu duenez, eurogunera sartuta Bulgariak «inbertsiorako, lanerako eta hazkunderako aukera berriak» izango ditu.

Bruselak txosten bat egin du gaiaren inguruan, eta hor azaltzen du Bulgariak badituela jada eurogunearekin «oso integratuta» dauden produktuak eta zerbitzuak. Baina beharrezko hobekuntzak ere proposatzen dizkio herrialdeari: arlo arautzailea hobetzea, ustelkeriaren aurka egitea, administrazio publikoa eraginkorrago egitea, kontratazio publikoa bultzatzea eta erregai fosilekiko menpekotasuna apaltzea, besteak beste.

BULGARIA EUROA
Bulgariar batzuk dirua aldatzeko bulego batean, ilaran. VASSIL DONEV / EFE

Euroa ezarri aurreko prestakuntzari dagokionez, Europako Batzordearen txostenak dio herrialdea «fase aurreratuan» dagoela. Badira jada euroak ere emango dituzten kutxazainak eta prezioak eurotan eta levetan emateko neurriak. Rosen Zheliazkov Bulgariako lehen ministroak lasaitasuna eskatu du levak euroetara aldatzeko. Azaldu du aukera egongo dela nahi denean aldatzeko, komisiorik ordaindu gabe.

EUROGUNEko 21. herrialdea

Bulgaria eurogunera sartuko den 21. herrialdea izango da, eta aurretik komunista izandako herrialdeen artean zazpigarrena.

1999ko urtarrilaren 1ean ezarri zen euroa Europan, herrialde hauetan zehazki: Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Finlandia, Frantzia, Herbehereak, Irlanda, Italia, Luxenburgo eta Portugal. Ordutik, EBko beste bederatzi herrialde ere sartu dira, ordena honetan: Grezia (2001), Eslovenia (2007), Malta eta Zipre (2008), Eslovakia (2009), Estonia (2011), Letonia (2014), Lituania (2015) eta Kroazia (2023).

EBko gainontzeko herrialdeen artean, Danimarka, Errumania, Hungaria, Polonia, Suedia eta Txekia dira oraingoz euroa erabiltzen ez duten herrialdeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.