Salbatzaile ala bilau? Ben Bernankek Erreserba Federaleko presidentetza utzi du aste honetan. Barack Obamaren ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako posturik garrantzitsuenaren lekukoa pasatu dio Janet Yelleni, baita argi-ilunez betetako ondarea ere. Zortzi urteotan, finantza anabasari aurre egin behar izan dio, eta oso argi izan du Alemaniako Bundesbankek defenditutako ortodoxia ez zela irtenbidea. Haren ezohiko neurri heterodoxoek balio izan dute AEBek bigarren depresioa eragozteko. Horregatik, Time aldizkariak 2009an urteko pertsona izendatu zuen, eta elkarrizketan bere ezbaia laburbildu zuen: "Zenbat ordainduko zenuke bigarren depresio hori eragozteko?". Zalantzarik gabe, Bernanke sekula ez zen Bundesbankeko presidente izango.
Hasieratik, ez du erraza izan. Alan Greenspanen itzal luzeari aurre egin behar izan dio eta bere egokitasunari buruzko zalantzak uxatu. Gauza izango ote zen Princeton Unibertsitateko irakasle hura akademia munduko teoriaren eremuan oinarrituta diruaren politika errealitatean aplikatzeko? Kargua hartzerakoan, ez zen oso ezaguna. Komunikabide gehienek 2002an egindako hitzaldi entzutetsu bat ekartzen zuten gogora. Han adierazi zuen deflazioari aurre egiteko ekonomian dirua isuri behar dela, helikoptero batetik botako balitz bezala. Geroztik Ben Bernanke Helicopter goitizena ezin izan du gainetik kendu.
Denborarekin, Alan Greenspanen irudia nabarmen higatu da, eta krisiaren erantzuletzat jo da. Haren agintaldian bultzatutako finantza desregulazioak ekarri zituen iragan hamarkadan Wall Streetek munduan zehar barreiatutako finantza produktu konplexuen ugaltzea, eta diru politika merkeak ere etxebizitza burbuila puztu zuen.
Bernankek kargua hartu zuenerako burbuilaren azken txanpa geratzen zen, baina ez zen gauza izan zer zetorren ikusteko. "Etxebizitza merkatua apur bat hozten ari da, baina aurreikusten dugu jardueraren moteltzea txikia izatea eta etxebizitza prezioek gora egitea". Era berean, hipoteken krisia lehertu aurretik, esan zuen hipoteka gehienek, subprime motakoak barne, "bilakaera ona" zutela. Fannie Mae eta Freddy Mac hipoteka erakundeak nazionalizatu baino bi hilabete lehenago esan zuen "ekaitza gainditzeko gauza" izango zirela. Aurreikuspen falta horri buruz adimenez erantzun izan du: "Nahiko nukeen orojakilea izan eta krisiaren etorrera ikusi".
Lehman Brothers ostean
Krisia etorri zenean, ezagutza teoriko guztia aplikatu zuen. 2008ko irailaren 15ean George W. Bushek Lehman Brothers ez erreskatatzeko erabakia hartu eta haren kiebrak eragindako hondamendia zela eta, finantza sistema osoa amildegiaren ertzean zegoen: «Munduko edozein finantza erakunde kiebran erortzeko arrisku handian zegoen, diru ihes handia izan zelako». Egoera hura zela eta, Henry Paulson Altxor idazkariarekin elkarlanean, bankuak birkapitalizatu eta likidezia bermatu zuen. Bernankek Depresio Handiko irakaspen handietako bat zuen gogoan: bankuak erortzen uztea azkenean garestiago ateratzen da.
Depresio Handia baino larriagoa izan zitekeen 2008ko finantza krisia. Etorkizun ilun eta ziurgabea zela eta, itsasargi moduan erabili zituen une oro historiaren irakaspenak: «Neurri ortodoxoek kale egiten dutenean, ezohiko neurrietara jo behar izaten da». Halaxe egin zuen 2009ko martxoan. AEBetako altxor tituluak erosi zituen masiboki eta arintze kuantitatibo deritzon neurri heterodoxoaren bidez, txorrota ireki zuen eta diru merke-merkea isuri finantza merkatuetan. Bere 2002ko hitzaldi hartan aipatutako helikopteroko diru erortze masiboa.
Dolar itsaso bat bihurtu da mundua bost urteotan. Baina zein atera da irabazle? Wall Streeteko burtsak gorakada handia izan du, eta finantza erakunde handienak irabazi handietara itzuli dira. AEBetako ekonomia errealak, berriz, ez du Europako hegoaldearen ajerik. Langabezia tasa %7an dago, eta ekonomia 2009tik ez da atzeraldian erori. Hazkunde tasa %2 eta %3 artean ibili da hiru urteotan. Erritmo horretan, urtean milioi bat lanpostu sortzeko gauza da. Inflazioa kontrolpean dauka, eta higiezin merkatua bere onera itzuli da. Horregatik, eta batez ere ekaitzaren erdian AEBetako ekonomiaren ontzia zuzentzeko gai izan delako, Bernankeren gestioa goraipatu eta txalotu egiten dute askok.
Beste batzuek, ordea, arrakastaren alde ilunak nabarmentzen dituzte. Lehenik, erreskatearen onuradunak eta zifra errealak ezkutatzea egozten diote. Bigarrenik, Wall Street gehiegikerietara itzuli da. Hirugarrenik, arintze kuantitaboaren ondorioz Erreserba Federalak pilatutako aktiboak 75.000 milioitik lau bilioi dolarrera igo dira.
Azkenik, ekonomia errealaren sakonean, arazo ugari ezkutatzen direla diote kritikoek. Adibidez, Bernankeri egozten diote, enplegua sortu arren, hamar bider pertsona gehiagok utzi dutela lan merkatua. Kritikoek egozten diote burbuila berriak sortu direla mundu osoan, eta likidezia itsasoak atzera egin ahala ordaina etorriko dela. Haien ustez, AEBetan krisia ez da konpondu, atzeratu baizik.
Erreserba Federalak ondotxo daki arriskua. Bere estrategian atzera egiten ari da, baina altxor tituluen erosketaren erritmoa ondo zainduz. Asteon iragarri du urtarrilean 10.000 milioi dolar gutxiago erosiko dituela, 65.000 milioi dolar guztira. Atzeratze horren ondorioak ikustea falta da.
Charles Wilson’s War filmean parabola bat kontatzen da: "Hamalau urteko gazte bati zaldia oparitu zioten, eta herritarrek txaloka hartu zuten, baina zen maisuak esan zuen: 'Ikusiko dugu'. Bi urtera zalditik erori eta hanka hautsi zuen. 'Zein izugarria', zioten herritarrek, eta zen maisuak erantzun: 'Ikusiko dugu'. Gerrak eztanda egin zuen eta frontera joan ziren gazte guztiak, hanka hautsita zeukana izan ezik. 'Zer zortea', zioten herritarrek, eta zen maisuak erantzun: 'Ikusiko dugu'.
Haren ondareari buruz gauza bera esan liteke. Ikusiko dugu.