Burbuila perfektua

Txinako higiezinen estatistikak kezkagarriak dira. Askorentzat, 2008an AEBetan gertatutako leherketaren errepikapenaren atarian dago Txinako merkatua, eta eraginak mundu osoko ekonomiari egingo dio kalte. Beste batzuek, ordea, espero dute Txinako Gobernua gai izango dela hondamendia eragozteko.

Bukatu aurretik eraikitzeari utzitako etxeak, Barne Mongoliako Ordos hirian, Txinako urbanizazio mamu handienetako batean. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2016ko urriaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira urte batzuk ekonomista saldo batek iragarri zuela krak handi bat izango zuela Txinako etxegintzaren sektoreak. Huts egin zuten: prezioek gora egiten jarraitu dute. Berez, igo besterik ez dira egin Asiako dragoiak «ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoaren» atzean ezkutatzen den kapitalismoa besarkatu zuenetik. Orain, ordea, desberdina izan daiteke.

Izan ere, orain alarma piztu duena ez da bulego urrun batetik zenbakiei begira aritzen den atzerriko analista bat, sektorea bertatik bertara ezagutzen duen txinatar bat baizik: Wang Jianlin, Dalian Wanda etxe sustatzaileen konpainiako burua. Bai, Madrilgo España eraikina erosi eta gutxira saldu zuen bera. Horrelako operazioekin Txinako gizonik aberatsena bihurtu da Wang, eta joan den astean ziurtatu zuen historiako burbuilarik handiena sortu dela. Munduko burbuilarik handiena, esan gabe doa.

CNN telebista kateari eskainitako elkarrizketan, Wang urrunago joan zen, eta iragarri zuen iaz Txinako burtsak hartutako zartakoaren adinakoa izango dela adreiluak hartuko duena. «Hiri nagusietan prezioak gorantz doaz —Shanghain, Pekinen eta Guangzhoun—, baina hasiak dira erortzen hiri txikiagoetan. Etxebizitzen stock-a erraldoia da. Ez diot irtenbide onik aurkitzen egoera horri. Gobernuak neurri asko hartu ditu —salerosketak eta hipotekak oztopatzea merkatu beroenetan—, baina bakar batek ere ez du funtzionatu». Epe luzera enpresaburua ez da oso baikorra Txinari buruz. «Oraindik ez dugu hondoa jo».

Eraikuntzaren eroaldiaren adibide ona da Chengduko Teknologia Handiko Gunea, Txina erdialdean sortu den megapoli handietako bat. Hirigunetik hamar kilometrora, superlatiboen eremua da. Zortzi bideko hiribideen bi aldeetan forma futuristako etxe orratz distiratsuak ageri dira non-nahi. Eta, horien artean, planeta osoko eraikin handiena —okupatzen duen azaleran neurtuta—. New Century Global Center kilometro erdi luze den zementu eta beira puska bat da, merkataritzari eta aisialdiari zuzendutakoa. Bere garapen meteorikoan inflexio puntura iritsi dela dirudien Txinaren ispilua da: azken 25 urteotako erritmorik geldoenean ari da hazten, baina oraindik ez du lortu bere garapen eredua aldatzea.

Atseden gutxi garabientzat

«Gutxiago hazi, baina hobeto hazi». Lelo hori betearazi nahi dute Pekingo agintariek azken urteotan hartutako neurriek. Barne kontsumoa bizkortu nahi dute, zerbitzuen sektorea eta balio erantsi handiko industriak indartu, eta industria kutsagarritik eta etxegintzako espekulaziotik ihes egin. Hori da teoria. Errealitatean, ordea, garabiak atsedenik gabe ari dira proiektu faraonikoak altxatzen, ziur aski jaberik aurkituko ez dutela jakin arren. Estatistika ofizialen arabera, 2.000 milioi metro koadro etxe huts daude. Txinako batez besteko etxebizitzen neurria kontuan hartuta, ehun milioi biztanle sartuko lirateke bizitoki horietan. Oraingo salmenta erritmoak jarraituko balu eta etxe berririk eraikiko ez balitz, Txinako bost probintziatik batean lau urte baino gehiago beharko lirateke etxebizitza horiek saltzeko. Konparatzeko, AEBetan 4,6 hilabete beharko lirateke.

Badira beste estatistika kezkagarri batzuk. Prezioen bilakaera irrazionala da nagusietako bat. Urtarriletik irailera, lehen eta bigarren mailako hiriburuetan batez beste %30 garestitu dira; Shenzen megapolian, %70etik gora. Txinako hegoaldeko hiri horretan, 120.000 euroan saldu ziren sei metro koadroko etxebizitza batzuk —usoen habiak izenekoak—. Shenzengo prezioak munduko beste hiri garestienetakoen pare daude, hala nola Londres eta New Yorkekoen mailan.

Etxeetan inbertitu nahi dutenentzat mauka dirudi egoerak, baina batez besteko soldatak Ingalaterrakoen edo AEBetakoen zati txiki bat baizik ez direnez, argi geratzen da gero eta lotura gutxiago dagoela merkatuaren eta errealitatearen artean. Berez,etxebizitzen prezioa herritarren diru sarrerekin alderatuz gero, munduko hamar hiri garestienetatik zazpi Txinan daudela dio Nazioarteko Diru Funtsak.

Zerrenda horretan lehena Shenzhen bera da: herritar arrunt batek 38 urteko soldata behar du batez besteko etxebizitza erosteko. Pekinen eta Shanghain, berriz, 30 urtetik gorako soldata, oso-osorik. Konparazio baterako, Madrilen, Munichen eta Sydneyn 11 urteko errenta behar da batez besteko etxebizitza erosteko.

AEBetako egoera gogoan

«1980ko hamarkadan Japonian bizi izan zen egoeraren parekoa da, edo, gertuago, AEBetan oraingo krisia eragin zuen egoerarena», uste du Shen Jianguangek, Mizuho Securities-en ekonomistaburuak. Tokion gertatu zen bezala, surrealistak dira piramidearen goialdean daudenek ordaintzen dituzten kopuruak. Adibidez, Pekingo urbanizazio garestienetako batean, Purpura Jauregian, hiru gelako apartamentu batek 4,3 milioi euro balio du. Txinako hiriburuko biztanleen batez besteko urteko errenta halako 375 da hori.

Gainera, paradoxikoa da, baina etxebizitza horien azpiko zorua, Txina guztikoa bezala, estatuarena da, eta 70 urtez soilik ematen du hura erabiltzeko eskubidea.

Herri Errepublikari hiru urte geratzen zaizkio adin horretara iristeko, eta espekulatu baizik ezin da egin ondoren gertatuko denarekin. Antza denez, jabeek tasa bat ordaindu beharko dutezoruaren erabileragatik, baina zenbat izango den ez dago garbi. Edonola ere, Txinan eraikin gutxik irauten dute hainbeste, eraikinen kalitate eskasari batzen zaiolako urbanizazio oso bizkorra. Duela hamabost urteko etxe bat dagoeneko zahartzat jotzen dute Txinan.

«Merkatua bereziki arriskutsua da orain, herritar arruntek ezin dutelako etxebizitza bat erosi, eta eskariak ez dituelako gizartearen beharrak islatzen, espekulatzaileen nahiak baizik», ziurtatu du Dong Liming-ek, Txinako Zoruaren Elkarte Zientifikoko zuzendari exekutiboak. Baieztapen horren beste adibide bat etxebizitzen prezioaren eta alokairuen arteko harremana da. Munduan, oro har, prezioa alokairua baino 200 aldiz handiagoa da; Txinako hiri nagusietan, berriz, 700 aldiz. «Etxebizitza bat erostea ez ezik, alokatzea ere ezinezkoa da», kexu da Diao Dongmei, Shanghaiko erizain gaztea.

Logikoki, etxebizitza premiazko ondasuna denez, etxegintzaren burbuilaren beste ondorio larrietako bat da zorra modu ikusgarrian hazi dela, hazkunde ekonomikoa baino askoz bizkorrago. Nahiz eta txinatarrak berez aurreztaileak diren, Txinak bereBPGaren %250 zor du. Munduak, oro har, %225 zor duela eta inoizko kopururik handiena dela ohartarazi du aste honetan NDFk, eta bereziki nabarmendu du Txinan gertatutakoa. Hala da; duela zortzi urte %150 besterik ez zen.

Zorraren zatirik handiena enpresek dute —zor publikoa %50 baizik ez da—, baina familiena hirukoiztu egin da azken hamarkadan. Abuztuan, esaterako, bankuek utzitako diruaren %71,2 joan zen hipoteketara. 91.000 milioi euro, Euskal Herriko urtebeteko BPGa adina.

Iruzur mota ugari

Teorian ez litzateke bereziki kezkagarria izan behar, gobernuak eskatzen dielako bankuei inoiz ez mailegatzeko etxearen balioaren %70 baino gehiago. Praktikan, ordea, nahiko argi dago erosle asko tasatzaileekin ados jartzen direla, azken horiek etxebizitzen balioa puztu eta maileguen gehienezko muga gainditu ahal izateko.

Badira beste irregulartasun batzuk ere. Adibidez, eskrupulurik gabeko eraikitzaile batzuek diru-sarrera agiri faltsuak eskaintzen dizkiete pobreegi izateagatik bankuen ezezkoa jasoko dutenei.

Beste arazo bat da zorrari buruzko estatistika ofizialek ez dituztela aintzat hartzen itzalpeko bankak emandako maileguak. Eta lukurreruak ez dira falta Txinan. Ongi daki hori Dai Yunhuak, 50 urteko emakumeak. Bi urte daramatza auzitegietan Nanjing hiriko bere etxea berreskuratu nahian. «Langile autonomoa naizenez, ezohiko bideak erabili behar izan nituen nire familiarentzat etxebizitza bat erosteko. Ziur nintzen ez zitzaidala lanik faltako, senarrak eta biok eraikuntzan lan egiten dugulako, eta sektorea gora doalako. Horregatik onartu nuen %25eko interesa ordaintzea».

Usteak ustel. Etxe berri batzuen eraikuntzako langileak gainbegiratzeko kontratatu zuten, baina nagusiak likideziarik gabe geratu ziren, eta zimenduak jarri bezain pronto eten zituzten lanak. Berehala etorri zitzaizkion mehatxu egitera eta kikiltzera. «Lehen ordainketak huts egin aurretik agertu ziren. Bazekiten estu genbiltzala, eta interesak oso-osorik ordaintzeko eskatu ziguten». Gordetako diru guztia eman zien Daik lukurreruei, baina ez zen nahikoa izan. «35.000 yuan baizik ez zitzaizkidan falta ordaintzeko [4.800 euro], baina etxea kendu zidaten. Eta epaileak arrazoi eman die». Dairen moduan, milaka bizi dira Damoklesen ezpata lepo gainean dutela. «AEBetan subprime-rekin gertatu zena huskeria izan daiteke Txinako burbuila lehertzen bada», ohartarazi du emakumeak.

Gobernuaren tresnak

Baina leher al daiteke? Ez duela uste dio Wang Jianlinek. «Txinako ekonomiaren ezaugarria da gobernuak haren gaineko kontrol handia duela. Baditu aukerak lagun dezaketen politika publikoak diseinatzeko. Baina ezin dituzte neurriak goizegi hartu, burtsan gertatu zenaren antzeko crash bat eragin dezaketelako», esan zion enpresaburuak CNNri.

Wangekin ados daudenek gogoarazi dute Txinaren dibisa erreserba itzelek etxegintzaren lurreratzea bigun dezaketela. Edonola ere, onartu egin dute arazoa larria dela, Txinako mila enpresa handienetan 2014an baino %16 gutxiago fakturatzen ari direlako,eta horien artean higiezinei lotutako asko daude.

«Benetako kezka da 2008an AEBetan gertatu zen hondamendia Txinan ere errepikatzea. Etxegintzaren sektorea hondoratzea eta haren atzetik finantza sistema arrastaka joatea. Gizartearen desorekak handituko lituzke; inguru batzuetan dagoeneko kezka eragiten du, batez ere meatzaritza indartsuko guneetan, ikatzaren eta altzairuaren berregituraketak kaltetu asko eragin dituelako», azaldu du Bank of Chinako ekonomista batek, izenik eman gabe. «Noski, hori gertatuz gero, 2008ko krisia umeen joko bat izango litzateke. Munduko ekonomiarentzat ekaitz perfektua izango litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.