Madoff auzian 30 baino herritar gehiago izango da joan nahiko duena eta, Ibarretxe auzian legez, zozketa eginda ere, nekez geldituko dira gustura. Urliak 10, sandiak 20 eta BBVAk (+%1,2) 300 milioi galdu omen ditu bono judua gaitzizena zuen gizonaren sarekadan. Dena den, itxuraz ez zuen eraginik izan kotizazioan eta 2.171 milioiren salerosketa lekuko zela, ez zen gorrian nabarmendu. Renovablesek %4 pasa egin zuen gora, eta %3na pasa Red Electrica eta Mapfrek. Sabadell (=), Popular (-%0,34) eta Bankinterrek (+%0,59) ez dute Madoff auzirako zozketan aulkirik nahiko; Santander (=) ere lasai agertu zen. Criteriak (-%4,14) larrutik ordaindu zuen Lukoil eta Repsol-YPFren (+%1,5) negoziazioen nora eza, eta Sacyrrek ere %2 pasa galdu zuen. Epaile zorrotzaren sona du merkatuak baina atzo ez zen iruzurra epaitzera atera. Urte amaiera gertu izanik, helegiterik onartzen ez duen urteko mozkinen epaia laister dugulako, akaso.
Sos Cuetara. (-%0,17) taldeak Cuetara izenpean egiten dituen gaileta negozioa Nutrexpa taldeari saldu diola jakinarazi du; 215 milioi euroan itxi dute tratua. Krisi garaia, aktibo estrategikoak eta ez direnak salerosteko aukera aparta da eta enpresek berrantolaketarako baliatzen dute. Uztailan egin Bertolli oliogilearen erosketa finantzatuko du salmenta horrekin. Sos taldeak arroz eta olioaren azpisektoreetan duen leku indartsua sendotzea da. Akzioa 11,97 euroan da orain, azaro erdialdean 9,5 euroren bueltan ibili ostean.
BURTSA. Auzirako zozketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu