BURTSA. Banderatxoaren eguna

Iker Aranburu.
2009ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Azaroan ospatu zuen Gurutze Gorriak banderatxoaren eguna, dirua bildu ahal izateko Espainiako Sofia erregina mahaitxo baten atzean irribarre egiten jartzen duen eguna. Banderatxoaren eguna ospatu zuten atzo batzuek Eusko Legebiltzarrean, eta beste askori irribarrerako gogoa kendu zien. Eta irribarre gutxi eta ohi baino bandera txikiagoak atzo bankuen egoitzetan. Erortzen ari denarekin, 8.876 milioi euroko irabazia, sektoreko onena, apal antzean aurkeztu behar izan zuen Emilio Botin Santanderreko buruak (-%1,14). Ministro mihiluzeen aipamen oldarkorrei aho txiki baino sendoarekin erantzun zien Atlantikoaren alde honetako bankari boteretsuenak: maileguak tentuz emateko garaia da. Ahoa txikitzen ari zaio Alemaniako Botini, Josef Ackermann Deutsche Bankeko buruari (-%4,19). Atzora arte, galdetzen ez ziotenean ere, ozen-ozen esaten zuen ez zuela Alemaniako Estatuaren laguntzarik beharko. Atzo azaldu zuen 3.900 milioi euro galdu zituela 2008an, eta laguntzei buruz txintik ere. Badaezpada ere. Bandera zuria erakutsi zuten UBSk (-%6), Societe Generalek (-%5,6), Credit Suissek (-2,5) edo INGk (-%2) ere, baina, hala ere, ez zuten eragotzi Europako burtsak helmugako bandera patxadan igarotzea: ez hotz, ez bero.



Unilever. Krisiak txikiagoak izan ohi dira dirua elikagaiak eta garbiketa produktuak saltzetik egiten duten enpresetan. Horietan Europako handiena da Unilever (-%6,87), eta horregatik salmentak handitzeaz aritu zen atzo, 5.027 milioi euroko irabaziak aurkeztean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.