BURTSA. Burua lepo azpitik

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Hamaika egunetan, hamargarren galera eguna. Baikortasuna eta burua topatu ezinik dabil akzio azoka, eta %10eko galera pilatua du jada 2009an Ibex-35 indizeak. Aldakortasun handia izan zen, eta akzio askotxoren gorabeherak, aipagarriak: Endesa(-%8,66), Telecinco (-%7,56), Sacyr (-%6,5) eta Bolsas y Mercadosek (-%5,05) garbi islatu zuten galerak ez direla bankuentzat bakarrik. Erresuma Batuan nazionalizazioen beldurrak Barclays (-%9,33) burua erdi moztuta laga zuen, azken urtean bere kapitalizazioaren %90 galdu baitu jada; BBVA (-%1,95) ez zuen kontsolatuko britainiarren danbatekoak. Dow Jonesen baikortasunak ez zituen atzokoan Europako burtsak biziberritu: Obamaren ahaleginak AEBetan zentratuko dira nagusiki eta Europak bere gaitz endemikoak sendatu beharko ditu. Atzeraldia, batasun politikorik eza, demografia zahartzea eta konfiantzaren gainbehera, kasu. Portugalen kaudimen kalifikazioa jaitsi zen atzo, AA- izatetik, A+ izatera.



Espainiako Altxorrak hirugarren likidezia enkantea burutu zuen eta 4.000 milioiren aktiboak erosi zizkien 45 finantza erakunderi, %2,7ko batazbesteko tasan. Horrek ez du esan nahi diru publikoa aurrezki kutxa eta banku horiei eman zaienik, Estatuak finantza erakundeek emandako mailegu on askoren arriskua bereganatu duela baizik. Likidezia hori mailegu berriak ematera edo inbertsiogileekin dituzten zorrak kitatzera bideratuko dituzte erakundeek. Eta berankortasuna %3,65era igo den arren, zaila izango da Estatuak hor dirua galtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.