Aturri eta Errobi ibaiak urez gainezka ziren bergisan, burtsa dirobi (diru hobi) bihurtu da eta dirurri (diruz urri) laga ditu inbertsiogilerik gehienak. 8.200 punturen langa jo du Ibex-35 indizeak eta Baiona Ttipia uretan nola, hala ito dira galeretan Bilbao-2000 eta biak. Txokolatea lehor mantendu zuenik izan zen arren (Criteria, Fenosa, Bankinter eta BMEk %1 baino irabazi txikiagoak izan zituzten), igerian doi doi eutsi zion Iberiaz landa (=), gainontzeko guztiek galeren bustia somatu zuten.Bai katedralarena egiten duen Edurnezurik (-%1,73), bai bi banku handiek (-%2na pasa), salmenta ibaien ekarria pairatu zuten. Espainian BPGren atzeraldia baieztatzearekin bat (%1 pasakoa iazko azken hiruhilekoan), etxe eta ostatu apalenek ere kalte artean pairatu zuten atzoko 1.754 milioiren joan etorria: %4 pasa galdu zuen Sacyrrek, %3na pasa Abengoa, Inditex, Gamesa eta Repsol-YPF blue chip-ak eta %1 Iberdrola eta seme kuttun Renovablesek ere.
Gas Natural. Foiletoi onek bezala, Gas Naturalek (-%1,35) egindako Fenosaren (+%0,63) gaineko Erosteko Eskaintza Publikoak (EEP) aurrera jarraitzen du. Lehia Batzordeak 2.000 megawatt ekoizteko ahalmena besterenganatzeko baldintza jarri dio (Energia batzordeak eskatzen zizkion 800 MW baino askoz gehiago), bezeroen %3rekin batera. Ziklo konbinatuko zentralak saltzea legokioke. Enagasen (-%0,15) duen %5eko partaidetza ere saldu egin beharko du Kataluniako enpresak baina, Criteriaren (+%0,81) irribarrea ikusita, baldintza onargarriak direla pentsa liteke.
BURTSA. Dirobi eta dirurri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu