Euskal Herrian euria egiteari utzi dion arren, ekonomian haize txarrak indartsu dabiltza, eta neguan ez ezik, udaberrian, udan eta udazkenean ere jotzeko itxura osoa daukate. Eurostatek atzo emandako hazkundeari buruzko datuak begiratzea besterik ez dago. Baina badira haizea alde duten enpresak, ziklo ekonomikoarekin zerikusi gutxien dutenak batez ere. Horien artean dago Iberdrola Renovables (+%2,35). Eskozia mendebaldeko haize hezeek eta ekialdeko haize hotzek bultza eta bultza egin diote Iberdrola Renovablesen haize errotari, eta irabaziak hirukoiztu egin ahal izan ditu: 390,2 milioi euro irabazi zituen iaz, aurrekoan baino %392 gehiago. Irabazi potolo horiek batez ere Scottish Power erosi izanari zor dizkio. Haize horrek berak lagundu dio Iberdrola Renovablesen hornitzaile, Gamesari (%3,60) eta azken hilean gora egin duen Ibex 35eko bakarrenetarikoa izaten lagundu dio.
Microsoftek fronte berria ireki du Applerekin daraman lehia komertzialean. Sagarraren konpainiaren denden arrakasta ikusita, berak ere saltokiak zabaltzea erabaki du. Microsoftek Wal Mart supermerkatu kate erraldoieko buruzagi ohi bat kontratatu du, produktuak nola saldu behar diren erakusteko.
Lloyds banku taldearen akzioak amildu egin dira (-%32,45), zabaldu ondoren HBOS filialak 11.000 milioi eurotik gorako galerak izan zituela iaz. Lloydsek berak dirua irabazi zuen (1.450 milioi). Londresko gobernuak HBOS erostera bultzatu zuen iaz Lloyds.
BURTSA. Eskoziako haize fina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu