Espainiako Gobernuak errenta zerga berriro erreformatzeko asmoa iragarri du. Joan den abenduan onartutako igoera orokorraren parean, aldaketa txikia izango da, eta, oraingoz, kapital irabazi azkarrei baino ez die eragingo. Hain zuzen ere, urtebete baino lehenago lortzen diren kapital etekinei ezartzen zaien tasa egokituko du gobernuak. Lehen urte horretan lortutako gainbalio horri zergapekoak errenta zergan duen tasa orokorra ezarriko zaio, eta ez aurrezkiak duen tasa propioa. Neurriak, hasiera batean, burtsan lortutako irabazi azkarrak zigortuko lituzke.
Gaur egun, kapital eta aurrezki irabazi guztiek berdin ordaintzen dituzte zergak. Espainian %21 eta %27 arteko tasa ordaintzen dute, irabaziaren arabera: 6.000 euro arte ehuneko txikiena, eta 24.000 eurotik gora ehuneko handiena. Aurrerantzean urtebete baino arinago egiten diren irabaziek errenta zergaren tasa ordainduko dute. Iazko Gabonetan egindako zerga igoeraren ondotik, tasa hori %24,75etik %52ra doa. Tasarik handiena soilik 300.000 euro edo gehiago aitortzen dituztenek ordaintzen dute.
Bezperan TVE telebista katean egindako elkarrizketan aurreratu zuen neurria Raxoik, eta atzo xehetasun gehiago jakinarazi zituen, Jyrki Katainen Finlandiako lehen ministroarekin bildu ondoren egindako agerraldian. Aldez aurretik ere antzeko proposamenen bat defendatu zuen Cristobal Montoro Ogasun ministroak. Haren ustez, bidegabea izan liteke burtsan goiz bakar batean lor daitezkeen irabaziek tasa finkoa izatea eta lan etekinek, aldiz, tasa progresiboa izatea. Era berean, inbertsioak luzera begira egiten dituzten zergapekoek gaur egungo egoera bereziari eutsiko diote.
Neurriaren bidez zenbat diru bildu nahi duen ez dute jakinarazi. Arrakasta ere zalantzazkoa da. Fortuna handiek kapital aldakorreko inbertsio sozietateen (Sicav) bidez kudeatzen dituzte gainbalioak, eta sozietate horien etekin eta gainbalioek %1 baino ez dute ordaintzen. Bazkideen ondare irabaziek %21 eta %27 bitartean ordaintzen dute. Sicav horien zerga sistema aldatzeko borondaterik ez du izan gobernuak, orain arte. EAEn sozietate horiei tasa %28ra igo zitzaien, eta denek alde egin zuten.
Espainiak iragarri duen aldaketak ez du ondorio zuzenik Hego Euskal Herrian, eskumena lau herrialdeetako ogasunen eskuetan dagoelako. Gaur egun, aurrezkiari ezartzen zaion tasa eta kopuruak parekoak dira Araba eta Bizkaian, eta ezberdinak Gipuzkoan eta Nafarroan.
Ingurumen zerga ere bai
Datorren urtera begira, bestalde, ingurumenari lotutako zergaren bat martxan jartzeko asmoa du gobernuak. Zentimo berdea, hasiera batean, hidrokarburoei ezarriko zitzaiela espero zen, baina Industria Ministerioa bestelako alternatibak aztertzen ari da. Esaterako, etxeak edo lantegiak berotzeko erabiltzen den gas kontsumoari ezartzea.
Burtsa etekin azkarrei zergak igoko dizkie Espainiak
Gehiago ordainduko dute urtebetera iristen ez diren gainbalioek; Hegoaldeko ogasunek dute horren eskumena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu