BURTSA. Ez da ongi etorria

joxerra senar
2004ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Euroaren igoera ez da ongi etorria», esan zuen berriz aldiz Jean Claude Trichetek. Eta edonor gogaitzearen poderioz, euroak behingoz arnasa pixka bat hartu zuen. Sacyrren etorrera (edo oldarra) ez da ongi etorria BBVAn ere. «Ez da komenigarria bankuaren, akziodunen, langileen eta bezeroen mesederako», zioen BBVAk CNMV batzordeari bidalitako oharrean. Eta hitzok (hori bai) ongi etorriak izan ziren burtsan, % 1,5 egin baitzuen gora. Hala ere, BBVAren agiriak ahaztu zuen aipatzea Sacyrren etorrera ez dela komenigarria Francisco Gonzalentzat, eta oharrean aipatutako akziodun horietako batzuk irrikan daudela hari ohea egiteko. Beste urteko marka bat (2001eko amaieratik handiena) hautsi zuen atzo Ibex-35ak. Temati, 9.000 puntuko tontorra begitan duela dirudi. Dirua bor-borka sartu zen (2.854 milioi euro). Hura ere ongi etorria izango da. Atzo, Indrak jo zuen kanpaia gehien (+% 2,9).

-Jazztel (+% 9,46) telekomunikazio enpresa eta burtsako piraten ontzirik gogokoena igo zen atzo gehien, eta diru gehien salerosi zuena (90,1 milioi euro). 286 bezerok akzioak erosteko gomendatzen dien gutun bana jaso omen dute, «aste gutxiren buruan aurrekaririk gabeko kanpaina» hasiko duelako. CNMVk belarritik tira egin dio pribilejiozko informazioa emateagatik, eta Jazztelek barne ikerketa hasi du gutuna nork banatu duen jakiteko. Piratei, ordea, «aurrekaririk gabeko kanpainaren» doinuak amets lizunak eragin zizkien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.