Luzea izan da Rafa Diezen itzala LABek Barañainen antolatutako VIII. biltzar nagusian. Idazkari nagusi ohiak 2008ko biltzarrean lekukoa Ainhoa Etxaideri igorri zionean ez zuen «inondik inora» imajinatzen lau urte beranduago El Duesoko espetxean izango zenik. Kartzelatik igorritako gutunean, Diezek azpimarratu du gehiengo politikoa eta soziala egituratzea ahalbidetuko duten proposamenekin erantzun behar diola euskal sindikalgintzak. «Ez da beste alternatibarik geratzen». Diezen hitzaldian bezala, Euskal Herriak gaur egun bizi duen prozesu politikoa eta krisi ekonomikoa presente egon dira uneoro biltzarrean. LABek atzo onartutako ponentzia politiko sindikalaren arabera, «guztiz lotuta» daude bi errealitateok, eta sindikatu abertzaleei «erabaki estrategikoak hartzea» egokitzen zaie. Horregatik, euskal estatu sozialista egun batetik bestera lortuko ez dela jakinik, «burujabetza prozesua azkartu» behar dela nabarmendu du LABek. «Denbora gure aurka doa», aipatu du Garbiñe Aranburu ponentziaren sustatzaileak.
09:30ean abiatu zen biltzar nagusia. Biltzarreko mahaia osatu eta zuzendaritzaren hautatzea blokean edo karguz kargu egingo zen eztabaidatu ondotik, Diezen gutuna agurra irakurri zuen Txutxi Ariznabarretak, LABeko Komunikazioa idazkari izandakoak.Eskutitzean Diezek gogora ekartzen du nola duela lau urte zuzendaritza hartu ondotik ezker abertzalearen aldaketa estrategikoa bideratzeko ahaleginean murgildu zela, Arnaldo Otegi eta beste kide batzuekin batera. «Gaur, hasierako zalantzen eta bertigoen gainetik, zangotraben eta probokazioen gainetik edo gure espetxeratzearen gainetik, esan dezakegu guztion artean fase berri bati ateak ireki dizkiogula». Eraldaketa denbora laburrean, «kohesio handiz» eta batez ere gizartearen sostenguarekin egin izanaren garrantzia azpimarratu du.
Diezek gaineratu du eragile politiko batzuk «oso eroso» egon direla blokeo egoeran. Behin fase berria irekita, ordea, uneotan bi indarren arteko pultsua dagoela nabarmendu du Diezek espetxetik: bata, bakean oinarrituta «Euskal Herrian eraikin politiko berria» altxatu nahi dutenena; bestea «iraganera lotu eta diskurtsoa aldatu nahi ez dutenena». Diezen arabera, pultsu hori erabakigarria izan da, adibidez, Bateragune auziko epaian. «Hori bai, gure espetxeratzearekin lortu duten garaipen pirrikoa bakearen eta demokraziaren etsaiek garai politiko berrietan nozituko duten porrotaren ispilua izango da».
Probokazio politikoaren aurrean, «Euskal Herriaren alde eta bakearen alde» ekarpenetan sakondu behar dela iritzi dio Diezek. Norabide hori jorratzerakoan, erreferentetzat jotzen du euskal lurralde guztietan integratutako proiektu ekonomiko, sozial eta kulturala garatzea, «nortasun propioa eta subiranoa izango duela». Diezen ustez, «erreferentziahoriek dimentsionatu behar dira, hauteskunde esparruetan zein borroka sozialean». Aldaketa politiko eta sozialei begira «botere sozial antolatu eta egituratua» sortzea funtsezkotzat jotzen du.
Hala ere, Diezen arabera, ekintza politiko hori «krisi ekonomikoaren eraginpean» egongo da. «Egunero bizitzen ari zarete bere ondorioak lantokietan, kaleetan eta zuen familietan», zuzendu zaie LABeko militanteei. Bere ustez, «lurrikara sozio-ekonomikoaren eraginak aurreikusiezinak badira ere» gobernuek ordaina batez ere langileriari pasa diotela kritikatu du. Hala, gobernuak botere ekonomikoen «txotxongilo» bihurtu direla ondorioztatu du: «Ordezkaritzarik eta aurpegirik gabeko merkatu horiek XXI. mendeko faxismoa dira».
ELAri kritika zorrotza
Amaitzeko, Diezek azpimarratu du egungo sindikalgintzak «kontrabotere funtzioarekin bat eginez, lantokietan borroka egin behar duela, baina era berean, «euskal proiektu nazionalaren eremuan sektore politiko eta sozialekin bat eginez» botere instituzionala lortzeko borrokan sartu behar dela iritzi dio. ELA aipatzera iritsi gabe, kritika zorrotza egin dio: «Batzuk, urtetan indar subiranisten metaketaren bultzatzaile izan badira ere, ematen du uko egin diotela orain bide horri. Atzerakada horren arrazoien atzean, ardura gabezia eta antolamendu alorreko egozentrismo itzel bat antzeman dut».
Bere ondotik, Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak hitz egin du, eta lehen hitzetan Sorturen legalizazioa txalotu du. Etxaide «oso kezkatuta» agertu da egungo egoera ekonomikoarekin, besteak beste Euskal Herrian 200.000tik gora langabe daudelako, eta horietatik %47 langabezia saririk jasotzen ez duelako. Estatu espainiarra, gainera, nazioarteko erakundeek «esku hartuta» dago.
Hego Euskal Herriko bi gobernuek, berriz, «hasieratik» politika propioak jorratzeari utzi diote.«Krisiaren aurka borrokatzeari uko egin diote, eta larriago dena, euren funtzioa borroka egin dugunon aurka egitea besterik ez da izan». Etxaideren arabera, Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak «Estatu interesak ordezkatzera eta Euskal Herriaren interesen gainetik jartzera mugatzen ari dira», eta euren bidea «suizidio politiko eta ekonomikoa da».
Etorkizunera begira, Ainhoa Etxaidek LABek ekimen berriak hartzea nahi du. Hiru esparru jorratuko dituzte. Batetik, Euskal Herriko ziklo politiko berria «behingoz» irekitzearen alde egingo du LABek. «Prozesu hori azken porturaino eman behar dugu oztopo guztien gainetik». «Kultura demokratikorik ez duen estatu bati konponbide demokratikoa eskatzea antzua dela diote batzuk. Gu ez gaude ados. Antzua da horren zain egotea. Konponbide demokratikoak borrokatu egin behar dira».
Bigarrenik, aldaketa politiko soziala azkartzea «behar beharrezkotzat» jotzen du, eta helburu horretarako LAB «prozesu subiranistaren zutabe sozial garrantzitsua» dela iritzi dio. «Aldaketak eragitea da gure borrokaren funtsa». Horretarako mobilizazioa eta antolakuntza iragarri ditu. Etorkizunean murrizketa gehiago etorriko direnez, greba orokor gehiago egin behar direla aurreratu du.
Hirugarrenik, LABek indartzen jarraitu beharko duela azpimarratu du.Lau urtetan, afiliatu kopuruak gora egin du: batez ere Nafarroan eta Araban (Tuteraldean izan da hazkunde handiena).Arlo horretan «bereziki kritikoak» izan behar direla azpimarratu du Etxaidek. «Egiturazko erabakiak» hartu behar direla azaldu du, «ez egituraketa zein den erabakitzeko, proiektu eta eredu organizatiboa gaurko exijentziei egokitzeko baizik».
Arratsaldean, ponentzia politiko sindikala eta antolamenduarena eztabaidatu dira. Ponentzia politiko sindikalaren alde 431 ordezkarik bozkatu dute eta abstentzio bat egon da. Antolamenduaren eztabaidan Javi Garnikak ordezkariei adierazi die helburua ez dela eredua berritzea, LABen egiturak «intenbentzioari begira jartzea baizik». Amaieran bozkatu da zuzendaritza berria.
LABen nazio biltzarra
Burujabetza prozesua azkartzeko beharra azpimarratu du LABek
Lau urterako ildo politiko sindikala onartu eta zuzendaritza berritu du: aurrerantzean ere Etxaide izango da idazkari nagusiaRafa Diezek, espetxetik, prozesu politikoan ekarpenak egiten jarraitzeko eskatu dio LABi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu