Enpresak

Buruzagitzako aldaketak oso kezkatuta dauzka Euskalteleko langileak

Langile batzordeak ez dio itxura onik hartzen Zegonaren kontrolari. Legebiltzarrak Euskaltelen errotzeari eusteko dei egin dio Jaurlaritzari.

Jose Miguel Garcia da Euskaltelen buruzagi berria. AOMI ALONSO
Irune Lasa.
2019ko ekainaren 6a
07:16
Entzun

Esperotakoa izanagatik ere, albistearen eragina ez da txikiagoa izan. Zegona funts britainiarrak Euskaltelen erabateko kontrola hartu, eta bere gizona, Jose Miguel Garcia, konpainiaren buru jarri eta hurrengo egunean, konpainiaren akzioek goraldia izan dute burtsan. Eta gorantz egin du Euskalteleko langileen kezkak ere.

Aldaketekin «oso kezkatuta eta urduri» agertu da konpainiako langile batzordea. Haren presidente Javier del Blancok (CCOO) azaldu du  denbora dela kezkatuta dabiltzala Euskaltelen proiektuaren norabidearekin. «Badirudi datorrena ez dela ona», esan du Del Blancok, enpresa elkarteek ere antzekoak esan dituztela gogoratuz. Langile batzordea zain dago zuzendaritza berriak noiz esplikatuko dizkion bere planak eta noiz aurkeztuko dion kontseilari ordezkari berria.

Plan estrategikoan aldaketarik baldin badator langileen ordezkariek horren berri izan beharko dutela azpimarratu du batzordeko presidenteak. Zegona funtsak Euskaltelen kontseiluan hartuko duen pisuari begira, kudeaketa gaitasunean aldaketak datozela ulertzen du Del Blancok. «Orain jakin beharko da gaitasun hori zertara bideratuko den; epe luzerako negozio eredu iraunkor eta begirunezko baterantz doan, edo denbora gutxian diru mordoxka irabaztea den kontua».

Lasaitasun mezua

Kezkak baretu nahian, Eusko Jaurlaritzak gaur berriz ere gogoratu du konpainiaren egoitza sozialean eta fiskalean aldaketak egiteko Euskaltelen estatutuek %75eko gehiengoa eskatzen dutela. Garapen Ekonomikoko Sailaren ustez, baldintza horrek «bermatzen du» Euskaltelen sustraitzea. Arantxa Tapiaren sailak azaldu duenez, bazuen konpainiako buruzagitzan zetorren aldaketaren berri. «Kontseilari aldaketak ez ditu estatutuak aldatzen», esan du Jaurlaritzak, «ez dago horiek aldatzeko asmorik».

Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzari dei zuzena egin dio Eusko Legebiltzarrak, «dituen baliabide guztiak erabil ditzan» Euskaltelek sustraitze ahalik handiena izan dezan Euskal Herrian. EH Bilduk aurkeztutako —eta onartu gabeko— legez besteko proposamenari egindako zuzenketa izan da gaur Legebiltzarrak azken buruan onartutakoa, EAJ, PSE, eta PPren babesarekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin. Onartutako ekinaldian, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eta Kutxabanki eskatu die inbertsio politika «esanguratsu eta iraunkorra» garatzeko enpresa «estrategikoetan», haien errotzea bermatu eta erabakiguneei eusteko.  

Aurretik, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak eskabide zehatzagoa egin du, koalizioaren proposamena aurkezterakoan. Euskaltelen erabakigunea atzera berreskuratzeko, EH Bilduk nahi luke Jaurlaritzak operazio bat bultzatzea, zeinetan oraindik Euskaltelen %19,88 duen Kutxabankek Vital, BBK eta Kutxa fundazioekin batera Euskaltelen akzioen beste %15 erosiko lituzkeen— %5 aurrena eta %10 beranduago—. Egungo kapitalizazioarekin, Euskalten %15ak 200 milioi eurotik gora balio du. «Lapurreta bat salatzera nator», esanez hasi du Casanovak bere mintzaldia. «Diru publikoz sortutako Euskaltel lapurtu digute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.